Euskararen erabilera aisialdian, familia-bizitzan, kalean eta lanean bultzatzea da erakunde publikoek eta hainbat elkartek Araban euskara hazten jarraitzeko egiten duten lanetako bat. Izan ere, euskarak hazten jarraitzen du Araban, baita eremu profesionalean ere. Hain zuzen, Arabako bost erakundek atzo jaso zuten saria, lan-arloan euskarazko lana errazteagatik; hala, bost enpresak Lazarraga saria jaso zuten. Biosasunek, Errota Hortz Klinikak, Angosto Kanpinak, Emaize Sexologia Zentroak eta EBA S.L.-k jaso zituzte 2022ko Lazarraga Sariak, Arabako alor sozioekonomikoan euskararen alde egindako lanaren errekonozimendu gisa. Bost saridunek dute Bai Euskarari Ziurtagiria.

Lan eremuan euskara sustatzen dutenei aintzatespena

Hala, atzo Artiumen ospatu zen sari-banaketa ekitaldia, Arabako lan munduko, euskararen arloko eta instituzioetako ordezkariak bertan zirela. Ane Pedruzok egin zituen aurkezpen lanak. Bai Euskarari Elkarteak antoaltu zuen sariketa, Arabako Foru Aldundiarekin babesarekin eta hitzaldi bana eskaini zituzten Rober Gutiérrez Bai Euskarari Elkartearen zuzendariak eta Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak; sariak ere bien artean banatu zituzten. Testuinguru horretan, sari-banaketan, Rober Gutierrezek lanean euskaraz egiteko gaitasuna baloratu zuen eta enpresek beren instalazioetan hizkuntzaren erabilera erraztea. Hau da, gogorarazi zuen “lan munduan euskaraz eroso aritzea estrategikoa” izan behar dela hurrengo urteetako hizkuntza politiketan eta gaineratu du ezin dela geratatu “hezkuntzan egiten ari garen inbertsioa, lan munduan galtzea”. Bestetik, Euskaralditik “harago” konpromisoak hartzera animatu zituen Arigune diren entitateak. Azkenik, nabarmendu zuen “garrantzitsua” dela administrazioek, enpresek, langileek eta kontsumitzaileek “hizkuntzaren ikuspegia ere txertatua izatea”. Gaineratu zuen “elkarrekin eragiteko Lanabes bezalako espazioak eraikitzen baditugu, askoz ere errazagoa izango da adostasuna zabaltzea, erantzukizuna partekatzea eta adostasunetatik etorkizuna eraikitzea”.

Gainera, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak Arabako lurralde osoan euskara sustatzeko egiten ari diren ahaleginak ere aintzat hartu zuen, eta ziurtatu zuen gero eta enpresa gehiagok sartzen dutela euskara bere kudeaketan. Izan ere, azpimarratu zuen gaur egun aldaketak gertatzen ari direla enpresetan eta saltokietan, eta gero eta gehiago direla euskara egunerokoan erabiltzen dutenak. “Araban gero eta enpresa gehiago ari dira berrikuntzan lehiakortasunez jokatzen, euskara bere kudeaketan barneratzen, bai bezeroekin, bai hornitzaileekin euskara erabiltzeko. Ildo horretatik, aldaketak ari dira ematen eta, pixkanaka, euskara sustatzea eta erabiltzea onuragarria dela jabetzen ari dira bai enpresak, bai merkataritza eta ostalaritza, bai bestelako entitateak ere”. Adibide bezala jarri zituen “euskara plana dutenak, edo Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateak (ia 200), eta ez dira gutxi Bikain agiria duten entitateak ere”, gaineratu zuen.

Irabazleei dagokienez, Biosasun enpresa dago. Araban eta Nafarroan dagoen enpresa txiki bat da, olibondoak dituena eta hainbat lehengai eta produktu ekoizten dituena. Errigora egitasmoan parte hartzen dute; Arabako Enpresen Foroaren aurtengo saioetan ere parte hartu izan du eta aurten, Euskara Plana jarri du martxan eta Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu dute. Epaimahaiaren iritziz, horrelako enpresa txiki batek euskara plana martxan jartzea balio handikoa da.

Bigarren empresa Errota Hortz Klinika izan zen; “bertako langileen gehiengoak euskaraz daki eta bezeroak euskaraz artatzeko aukera eskaintzen dute”, Aldundiatik azaldu zutenez. Bai Euskarari Ziurtagiria dute 2014tik eta zerbitzua euskaraz emateko urratsak ematen dituzte urtero. Lanbide Heziketako ikasleek bertan Duala euskaraz egiteko modua dute, esaterako, eta azken aldagai hau izan da epaimahaiak nabarmendu nahi izan duena.

Bestalde, eta Angosto kanpinari dagokionez, “2019an Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu zuen eta urtero-urtero zerbitzua euskaraz eskaintzeko bidean lorpenak egiten ari da jarraian sarituko dugun entitatea. Errotulazioak euskaraz, bisitarientzat euskarazko hiztegia, bezeroentzak aurrekontu eta fakturak euskaraz… Azken urteotan azpimarratzeko eta saritzeko moduko lana egin dute euskararen arloan eta bertan sortzen den giroari arreta jartzea baino ez dago”, azpimarratu zuten. Emaize Sexologia Zentroari buruz saria ematerakoan azaldu zutenez, bertan ohituta daude jendaurrean aritzen, hitzaldiak eta eskolak ematen, “25 urte baino gehiago baitaramatzate, ahal den guztietan euskara lehenetsiz, gainera, barne antolaketan zein kanpora begirako zerbitzuan. Sexualitatearen inguruko hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte: sexu-hezkuntza, prestakuntza, aholkularitza sexologikoa, terapia eta beste. Bai Euskarari Ziurtagiria dute 2016 urtetik”.

Azkenik, azken sarituaren gainean, EBA S.L. 80 bat lagunek osatuta dago eta ia enpresako sail guztietan dute euskaraz dakien pertsonaren bat. Hala, sail guztietan euskaraz zerbitzua eskaintzea bermatzen dute. Langileentzat euskara eskolak eskaintzen dituzte enpresan eta, horrez gain, kanpo-komunikaziorako euskarriak elebitan dituzte. Nabarmentzekoa da, era berean, harrerarako langilea kontratatzeko euskarazko profila eskatu dutela eta beste hainbat lorpen ere egin dituztela euskara lanean txertatzeko. 2021ean Arabako Enpresen Foroan parte hartu zuten. 2018 urtean eskuratu zuten Bai Euskarari Ziurtagiria. “Bidean” mailan badaude ere, urtero konpromiso berriak hartzen eta garatzen dituzte.