Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak lurraldeko euskarazko tokiko edo eskualdeko komunikazio proiektuak sendotu, garatu eta normalizatzeko 2025eko ekitaldirako diru laguntzen deialdiaren ebazpena onartu du, eta 322.504 euro banatuko ditu eskaera egin duten bi hedabideen artean: Arabako Alea Komunikazio Taldea S.L.-k 168.552,06 euro jasoko ditu, eta Aiaraldea Koop. Elkarteak 153.951,94 euro.
Foru erakundeko arduradunek nabarmendu dutenez, euskara hutsezko komunikazio proiektuak dira biak, toki eta eskualde mailan errotuak, eta euskarazko informazio eskaintza indartzen eta arabarren eguneroko bizitzan euskara normalizatzen laguntzen dutenak.
Diru laguntzaren %70 justifikatu beharreko aurrerakin gisa ordainduko da, ebazpena ematen den egunetik aurrera, eta gainerako %30a gastu guztiak justifikatu ondoren. Gastu horien epea 2025eko abenduaren 15ean amaituko da, eta ordainketaren egiaztapena 2026ko otsailaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da.
Ebazpenaren bidez, Arabako Foru Aldundiak berretsi egiten du "euskara sustatzeko, tokiko hedabideen ekosistema indartzeko eta lurralde historikoaren gizarte eta lurralde kohesioari laguntzen dioten komunikazio proiektuak sendotzeko konpromisoa".
ARABA
Arabako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketako Zuzendaritzak 'Arabako udalerrien hirigintza plangintzan genero ikuspegia txertatzeko gida' egin du, udalei, toki erakundeei eta hirigintza plangintzan inplikatutako profesionalei zuzenduta.
Laura Perez Borinaga Lurralde Oreka eta Antolakundeko diputatuak azaldu duenez, "gida tekniko bat da, eta, hirigintza genero ikuspegidun lege eta kontzeptu testuinguruan kokatuz, tramitatzen den bitartean genero ikuspegia planean benetan integratzea ahalbidetzen duen metodologia bat aurkezten du, abiapuntuko egoeraren diagnostikotik hasi eta indarrean sartuko den planean neurri zehatzak sartzeraino".
Gidaren azken helburua lurralde eredu orekatu baterantz aurrera egitea da. Herritar guztientzat berdintasunezkoak, seguruagoak, irisgarriagoak eta inklusiboagoak izango diren hiri eta landa inguruneek osatuko dute eredu hori.