Hasi dira jada Jacinto Benavente kalean bidegorria eta zirkulazio-erreiak zaharberritzeko lanak, Florida kalearen eta Esmaltazioetako biribilgunearen arteko zatian. Gasteizko hamabost bat kaletan zoladura hobetzeko plan baten baitan kokatzen da esku-hartze hori. Lanak bidegorrian hasi ziren atzo, Gasteizko Udaleko iturriek jakinarazi zutenez.
Horrela, eta ildo beretik jarraituz, hiriko asfaltoak hobetzeko egin duten kontratuak hiru lote ditu. Guztira, 1.671.335,56 euroko inbertsioa ekarriko du. Gainera, hiru loteak enpresa berari esleituko zaizkio, zoladura hobetzeko: “Firmes Alaveses eta Yarritu enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zaizkio hiru multzoak. Funtsean, zoladura hobetuko da berriro asfaltoa jarriz, 12 eta 5 zentimetroko sakoneran (eremu bakoitza zenbateraino dagoen hondatuta kontuan izanda)”, azpimarratu zuten. Hiriko hainbat alderditan banatuko dira lanak. Hauetan, zehazki: lehenengo multzoan, Forondako atean, Gasteizko sarreratik Landaberde kaleraino; Juan Garai kaleam, Latinoamerika eta Arriagako atearen artean (BEIrenak ez diren erreiak) eta Iruñea kalean, Antonio Machado eta Orreaga kaleen artean.Bigarren multzoan, Jacinto Benavente kaleko bizikleta-bidea, Florida kalearen eta Esmaltazioetako biribilgunearen artean; Jacinto Benavente kalea, Florida kalearen eta Esmaltazioetako biribilgunearen artean; Askatasun kalea; Olagibel kalea, Bake kalearen eta Herrandarren kalearen artean; Ortiz de Zarate kalea eta Erraimun Olabide kalea. Azkenik, hirugarren multzoan, Adriano VI.aren kalea, Lovaina plazatik Gasteiz hiribideraino. Eskuineko erreia Lovaina plazarantz, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Gasteiz hiribidearen eta Fernandez de Lezeta kalearen artean; Domingo Beltrán kalea, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen eta Koroatze kalearen artean; Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Mexiko eta Leandro Viana kaleen artean (BEIrenak ez diren erreiak); Pedro Asua kalea, Adriano VI.aren kalearen eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen artean eta Pedro Asua kalea, Teodoro Dublang kalearen eta Adriano VI.aren kalearen artean (BEIrenak ez diren erreiak). “Lanen planifikazioa finkatzen dabil orain Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila. Beti kontutan hartuta klima eta ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko intentzioarekin”.