Beste urrats bat. Argituz Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak Gasteizen eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak (EESK) sortu nahi duen behatoki soziala sendotzen joateko hurrengo urratsa aurkeztu zuen atzo prentsaurrekoan.

Hala, joan den ostiraleko edizioan DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkari honek aurreratu zuen bezala, elkarte hau lanean ari da sortu nahi duten behatokia aurkezteko jardunaldiak prestatzen. Ildo beretik, Argituz, Giza Eskubideen Aldeko erakundeak, Gasteizen eta Donostian datozen egunotan burutuko dituen jardunaldiak aurkeztu zituen atzo. Donostian ostiralean eta larunbatean egingo dituzte; Gasteizen, berriz, ostegunean hasiko dira, larunbatean bukatzeko. Zehazki, Memoria eta Egia jakiteko mekanismoak. Esperientzia lokalak eta globalak izenburuarekin orain arte egindako prozesu desberdinak aztertuko dituzte Gipuzkoako hiriburuan. Prozesu horren oinarrian Gipuzkoako hainbat herritan egindako lana dago non “errespetua eta bizikidetzaren prozesuak ireki diren”, atzo azaldu zutenez. Bertha Gaztelumendi, Argituz elkarteko bozeramaileak, adierazi zuen egindakoaren hausnarketa egiteko unea dela. “Eman diren prozesu desberdinak aztertzeko momentua dela pentsatzen dugu, eta horretarako, protagonista batzuen ikuspuntuak, alkateenak eta gaian adituak direnen aportazioak bildu nahi ditugu jardunaldietan”, azpimarratu zuen. Bestalde, Juan Ibarrondo idazle eta elkarte horretako kideak, Gasteizko jardunaldiak aurkeztu zituen Ignazio Aldekoa Kultur Etxean, hain zuzen ere. Bertan adierazi zuenez, “Argituzek EESK eskubideen esparruan sartu nahi du”. Horretarako, jardunaldien helburua eskubide horiek zein neurriraino betetzen diren jakiteko Behatokia sortzea ezinbestekotzat jo zuen. “Eskubide horiek nazioarteko legediak babesten ditu eta jakin nahi dugu Gasteizen zenbateraino betetzen diren”, helarazi zuen.

Jardunaldunei dagokionez, datorren osteguna, ostirala eta 19rako Ignacio Aldekoa Kultur Etxean. Bertan izango dira, besteak beste, Christian Curtis, Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Aholkularia eta Irene Escorihuela Barcelonako EESK Behatokiaren zuzendaria. Bestalde, bigarren jardunaldian, datorren ostiralean ospatuko dena, Gasteizko eragileak izango dira protagonistak; mahai inguru baten bidez Gasteizen eskubide sozialak zenbateraino betetzen diren neurtuko dute. Azken egunean, 19an, etxebizitzaren gaia landuko da Gasteizko Alde Zaharrera bisita eginez.

Jardunaldi hauen ordutegiari buruz, egun batetik bestera aldatu egingo da. Adibidez, ostegunean arratsaldeko ordutegian hasiko da, bostetan, hain zuzen. José Ángel Cuerdarekin (Gasteizko alkate ohia) eta Aintzane Gamizekin (Argituz taldeko ekintzailea) hasiko da saioa. Egun horretan bertan, ordu erdi geroago (programazioaren arabera), bideokonferentzia bat izango da Iñaki Lasagabaster EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunaren eskutik. Egun horretan, arratsaldeko 20:30etan itxiko da saioa, eta ordura arte hainbat hitzaldi emango dira, baita galdera-erantzun saio sorta bat ere. Hurrengo egunean, arratsaldeko seietan hasiko dira jardunaldiak, eta Manzanares Cortes txostena aurkezteko hitzaldia emango da. Gainera, hitzaldiak, galderen txanda, mahai-ingurua eta eztabaida 20:45ak arte luzatuko dira, programazioan zehazten den bezala. Eta, azkenik, larunbatean, hilak 19, goizeko hamaiketan hasiko dira bisita gidatu batekin, Gasteizko etxebizitzaren arazoaz hitz egiteko, Juan Ibarrondok azaldu zuenez.

Jardunaldiak. Argituz, Giza Eskubideen Aldeko erakundeak, Gasteizen eta Donostian datozen egunotan burutuko dituen jardunaldiak aurkeztu zituen atzo. Gasteizen, ostegunean, ostiralean eta larunbatean izango da topaketen azken eguna.

Aurkezpena. Juan Ibarrondok Gasteizko jardunaldiak aurkeztu zituen. Adierazi zuenez, Argituzek “EESK eskubideen esparruan sartu nahi du”. Jardunaldien helburua eskubide horiek zein neurriraino betetzen diren jakiteko Behatokia sortzea ezinbestekotzat jo zuen. “Eskubide horiek nazioarteko legediak babesten ditu eta jakin nahi dugu Gasteizen zenbateraino betetzen diren”.

“Sarean egin nahi dugu lan mugimendu sozialekin. Behatokia zerbaitetarako baliogarria izango bada, mugimendu hauen salaketak eta proposamenak bideratzeko izango da”.