uskaraldiaren edizio berri bat gertu dago jada, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko baita aurten. Urte honetan aurkeztu dituzten ariguneekin batera, beraz, ahobizi eta belarriprest rolak bueltatuko dira berriz ere, 2018. urtean gertatu zen bezala.
Atzo goizean Oihaneder Euskararen Etxea izan zen aurkezpen ofizialaren eszenatokia, eta koordinazio lanetan ari diren eragileek honetan parte hartzera animatu zuten aho batez. Gasteizen egindako agerraldian Euskaraldiaren koordinazioan ari diren eragileekin batera agertu ziren, hain zuzen, zenbait erakundetako ordezkariak; Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilaria, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta EUDELeko presidentea, Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusia, etab.
Amonarrizek gogoratu zuen bere hizketan "euskararen aldeko jauzia egiteko garaia dela; herritarrek, erakundeek, aisialdian eta arlo sozioekonomikoan ari diren eragileek, denok dugu jauzi hori emateko zeregina eta ardura. Hauxe da momentua. Eta guk ez badugu egiten, ez du beste inork egingo".
Gainera, dei berezia egin zieten guztiek pasa den edizioan parte hartu zuten pertsonei, baita atzendu zirenei. Urtaranek, izan ere, gogoratu zuen 2018an 15.000 gasteiztarrek eman zutela Euskaraldian parte hartzeko izena. "Eta aurten marka hori gaindituko dugu. Ziur nago. Gasteiz ahobizi eta belarriprestez bete behar dugu berriro. Eta euskara ulertzeko gai diren gasteiztarrei egiten diet gonbidapena bereziki. Beraiek dira erronka nagusi eta politena orain".
Arabak, hain zuzen, beste ekimen batzuk antolatu ditu azken urteotan euskararen erabilera bultzatzeko bidean, eta Ramiro Gonzalezek horietako batzuk gogoratu zituen bere hizketan, aurten arabarrek bide berberari ekiteko asmoa dutela gogoratuz. "2018an lehen aldiz ahobizi eta belarriprest rolak ezagutu genituenean, arabar Lautadak dagoeneko proba pilotu bat egina zuen aurreko urtean. Aiaraldean ere, 2017an halako zerbait gertatu zela ezin ahaztu. Biak, Arabako eskualde batzuek euskararen hiztunen aktibazioan erakusten duten abangoardia-mailaren adierazle argiak dira".
Aurten, azken finean, helburua berdina da; euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntza ohiturak ahal den heinean, aldatzea. Horren harira gainera, Euskaraldiko koordinatzailea den Arrate Illarok adierazi zuen "lehen edizioan parte hartu zuten kideak berriz gurekin aritzea nahi dugula, baina baita kide berriak ere: bakoitzak nahi eta ahal duen jokabidea hartuta egin daiteke ariketa". Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua den Bingen Zupiriak ere hartu zuen hitza, eta aurreratu zuen une honetan, bereziki, munduak bizi duen egoera honetan, "ilusioa behar dugula. Heldulekuak behar ditugu. Estimulu berriak behar ditugu. Eta uste dut Euskaraldiak hori ekar diezagukela".
Aurtengoan izena emateko hiru bide egongo direla azaldu zuten ere: euskaraldia.eus webgunea, batetik, herriz-herri antolatuta dauden batzordeen bidez, bestetik, eta datorren astetik aurrera eskuragarri egongo den telefono aplikazioa azkenik.
Bertan, belarriprest edo ahobizi rolen artean bat hautatu behar da; lehenengoa beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira euskara ulertzen dutelako eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dutelako. Rol honi aurten garrantzi berezia eman nahi diote, eta Urtaranek euskararen erabilera zabaltzen jokatzen duten papera azpimarratu zuen. Ahobiziak, berriz, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dutenak dira.
16 urtetik gorakoek izena eman dezakete -aurreko urteko parte-hartzaileen profila "oso anitza" izan zela nabarmendu zuten-, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. "Euskara ulertzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena".
Izan ere, pandemiak ziur aski eragina izango du ere Euskaraldiaren ospakizunetan. Horren adibide da, hain zuzen, konfinamenduan ospatutako Etxealditik Euskaraldira ekimena, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa bat egitera gonbidatzen zuena. Euskaraldia, duela bi urte modura, euskararen erabilerari bultzada emateko ariketa praktiko eta motibagarria izatea dute helburu antolatzaileek, pandemiak eragindako egoerari ere aurre egiteko era horretan.
"Azken hilabeteetako lanak pandemiak baldintzatuta egin dira herriz-herri antolatuta dauden batzordeetan, eta horrek ere eragingo du", aurreratu zuten. Hala ere, lehen edizioan Euskaraldira batu zen herri kopurua gainditu dela nabarmendu zuten antolatzaileek, izena eman duen herri kopurua 412koa izan baita, eta aurreko edizioan 405ekoa.
Azkenik, eta familia argazkia egin baino lehen, aipatu zuten "era askotako elkarlanerako gune izan dela aurten ere Euskaraldia, eta gizarte eragile eta erakunde publikoen artean sortutako eta bultzatutako ekimenera, enpresak eta bestelako entitate pribatuak gehitu direla".
Rolak. Aurten ere, ariguneekin batera, ahobizi eta belarriprest rolak bueltatuko dira. Ahobiziek euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute, eta belarriprestak, ordea, ulertzen duten guztiekin uneoro euskaraz hitz egingo ez dutenak dira.Izen-ematea. Izena emateko epea zabaldu dute, eta era desberdinetan egin daiteke. Euskaraldiaren web orrialdean egin daiteke inskripzioa, edota herriz-herri antolatuta dauden batzordeen bidez. Hurrengo astean app baten bidez ere egin ahalko da.