- 010 zerbitzuko bi profesional arduratzen dira, abuztuaren erdialdetik, gaixotasuna detektatzeko probetan positibo eman dutenei deitzeaz, emaitzaren berri emateko Osakidetzak bidalitako mezua jaso dutela ziurtatzeko.

Bidenabar, bi metro baino gertuago eta hamabost minutu baino gehiago maskararik gabe egon direnen zerrenda egin dezatela eskatzen diete -sintomak hasi baino bi egun lehenagotik, edo, sintomarik gabekoen kasuan, lagina hartu baino bi egun lehenagotik-.

“Ondoren, Osakidetzako arakatzaileak izango dira pertsona horiekin harremanetan jarriko direnak, berorien nahiz kontaktuen jarraipena eta kontrola egiten jarraitzeko. Bigarren dei hori jaso bitartean, segurtasun-neurriak gogorarazten dizkiegu 010etik”, azaldu du Gardentasun zinegotzi Borja Rodriguezek. Hauek dira neurri horietako batzuk: Etxean bakartuta egon, Kalera ez atera, eta bisitarik ez hartu, eta, beste inorekin biziz gero, gela batean bakartu (ahal dela, komuna duen gela batean), eskuen higienea eta etxeko garbiketa areagotu eta etxebizitza ondo aireztatu. “Orobat gomendatzen da hamabi ordutik behin tenperatura hartzea, Covid19arekin bateragarri den sintomarik agertzen den zaintzea eta, ondoezik egonez gero, osasun-zentrora deitzea”, nabarmendu zuten atzo Gasteizko Udaletik. Udalaren eta Euskal Osasun Zerbitzuarekin arteko lankidetza horren ondorioz, ehun dei inguru egiten dira egunero, Gasteizko bizilagunei ez ezik, baita Arabako beste herri batzuetakoei ere. “Oso argi daukagu egoera konplikatu honetatik guztion laguntzarekin baino ez gaitezkeela atera, eta horretan dihardugu, indarrak batzen, osasun-erakundeekin elkarlanean, pandemiari aurre egiteko”, dio Borja Rodriguezek.

“Hasiera batean, bi astez iraun behar zuen Udala Osakidetzari ematen ari zaion laguntzak, hau da, abuztuaren 31ra arte, baina emaitza onak ikusita, luzatzea erabaki da”, ondorioztatu zuten atzo Gasteizko Udaletik.