asteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak bisoi europarraren beste kumaldi bat askatu zuten atzo goizean Salburuan. Horren berri prentsa-ohar baten bidez eman zuten. Zehazki, "ama bat eta hiru kume dira, itxian haziak espezie horren hazkuntza programaren barruan, gure lurraldean duen populazioa indartzea xede duen ekimen batean", gogoratu zuen Aldundiak.
Aditzera eman zutenez, bisoi europarra egoera kritikoan katalogatuta dago, haren lehiakide handia den bisoi amerikarraren mehatxuaren aurrean. "1998. urteaz geroztik, bi erakundeak lankidetzan ari dira kontrol lanak egiten, espezie exotiko inbaditzaile hori naturan ugaltzen ari zela detektatu zenetik", azaldu zuen, eta gaineratu zuen ere "espezie hori kontserbatzeko lanei eta tranpak jartzeko kanpainari esker, bisoi amerikarrik gabeko lurraldetzat jo daitekeela Araba, dagoeneko".
Askatu berri dituzten kume hauei bertako izenak jarri dizkietela ere aurreratu zuten -Pobes, Paganos eta Payueta-. Honekin, Arabako Foru Aldundiak keinu bat egin nahi dio espezie horren kontserbazio aktiboko lanetan esku hartzeak egin dituen eremuari.
Izan ere, gogoratu zuen itxian hazitako kumeei alfabetoko letren arabera jartzen zaiela izena, jaio-tza urtearen arabera, hazkuntza programa hasi zenetik. Beraz, P letra dagokio 2004an hasitako Estatuko hazkuntza programa horretako 16. belaunaldiari, eta horregatik hiru izen hauek P letrarekin hasten dira.
"Lan horren beste adibide argi bat da espeziearen habitaten lehengoratzea, hala nola Andaverde aurkintza (Bastida), Ebro ibaian, zeina ingurumen aldetik lehengoratu baita, eta bisoi europarraren-tzako babesleku bihurtu", argitu zuen bestalde sailak.
Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak, bisoi amerikarraren egoeraren inguruan hitz egin zuen. Zentzu horretan, 2019. urtetik ez dutela bisoi amerikarrik aurkitu adierazi zuen, eta horrek kontserbazio lana funtzionatzen ari dela esan nahi duela gainera. Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi den Cesar Fernandez de Landak, bere partez, ere hitz egin nahi izan zuen. Bere hitzaldian, bisoi europarra "Gasteizko Eraztun Berdeko harribitxia dela" azpimarratu zuen zinegotziak, eta "ahalegin handia" egin dutela espezie enblematiko hori babesten, baita azken urteetan Life Lutreola proiektu europarra nabarmendu dela ere.