Gasteizek Emisio Gutxiko Eremua (EGE) du astelehen honetatik, kutsadura murrizteko, airearen kalitatea hobetzeko eta mugikortasun eredu seguruago eta ingurunea gehiago errespetatzen duenerantz aurrera egiteko asmoz, eta hiru hilabeteko egokitzapen aldia izango du.

Beatriz Artolazabal Gasteizko Udaleko Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak adierazi duenez, "neurriaren helburua ez da bakarrik zirkulazioa arautzea, osasun publikoaren aldeko apustu irmoa ere badelako. Kutsadura murriztea arnasbideetako gaixotasunak eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua gutxitzea da, gure familiak babestea eta gure hiriko bizi kalitatea hobetzea da".

Bada, EGEren lehen fasea astelehen honetan aktibatu da, eta ingurumen bereizgarririk (A etiketa) gabeko ibilgailuen sarbidea mugatuko du, hau da, 2001a baino lehen matrikulatutako gasolina bidezko autoenak eta 2006a baino lehenagoko dieselenak; B, C, ECO eta Zero etiketak dituzten ibilgailuek normaltasunez zirkulatu ahal izango dute.

Ordenantzak, gainera, 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera muga B etiketa duten ibilgailuetara ere zabalduko dela ezartzen du. Horrela, pixkanaka, gutxiago kutsatzen duen parke mugikorrerantz aurrera egingo da.

Araudi berria bi fasetan ezarriko da: lehenengoa, astelehen honetan hasi dena, Erdi Aroko Hirigunean eta Zabalgunean aplikatuko da, eta bigarrena 2027ko irailean abiatuko da eta EGEren perimetroa zabalduko du.

Artolazabalek argitu duenez, "ez da derrigorrezkoa izango ibilgailuan DGT erakundeak emandako eranskailua eramatea, udalak baduelako informazio hori eta automatikoki egiazta dezakeelako ibilgailuak araudia betetzen duen ala ez"

EGE abiatzeko prozesuak hiru hilabeteko egokitzapen aldia izango du, abendu erdialdera arte. Ez da zehapen ekonomikorik ezarriko, eta baimenik gabeko ibilgailuekin sartzen direnek jakinarazpen informatiboa baino ez dute jasoko.

Egokitzaoen aldia bukatuta, arau-hausteak 200 euroko isunekin zehatuko dira, eta isunak 100 eurora gutxituko dira laster ordainduz gero. "Herritarrei egokitzapen prozesuan lagundu eta aldaketa erraztu nahi diegu", esan du Artolazabalek.

SALBUESPENAK

Ordenantzak salbuespen erregimen zabala jasotzen du eta 12 salbuespen iraunkor izango dira, besteak beste, mugikortasun urriko pertsonei, garaje plazen titularrei edo errentariei, errenta maila baxuko pertsonei, erretirotik gertu dauden profesionalei edo larrialdietarako ibilgailu, ibilgailu historiko eta oinarrizko zerbitzuei lotutakoak.

Gainera, ezohiko moduan, aldi baterako salbuespenak ezarri dira 2026ko irailaren 15era arte EGEn dauden merkataritzako eta zerbitzuetako establezimenduentzat, gremioetako profesionalentzat, banatzaileentzat eta aparkaleku publiko eta pribatuetara doazen ibilgailuentzat. Egoiliarren kasuan, salbuespena bi urtekoa izango da.

Sarbide kontrola matrikulak irakurtzeko sistema automatikoaren bidez egingo da, eta sarrerako gune nagusietan jarritako ia 40 kamerek denbora errealean egiaztatuko dute ibilgailu batek EGEra sartzeko baimena duen ala ez.

Egokitzaoen aldia bukatuta, arau-hausteak 200 euroko isunekin zehatuko dira

Artolazabalek argitu duenez, "ez da derrigorrezkoa izango ibilgailuan DGT erakundeak emandako eranskailua eramatea, udalak baduelako informazio hori eta automatikoki egiazta dezakeelako ibilgailuak araudia betetzen duen ala ez".

Neurri honen bidez, Gasteizko Udalak hiriguneko zirkulazioa murriztu nahi du pixkanaka, eta oinezkoentzako, bizikletetarako eta garraio publikorako espazioa liberatu.