ure ekimenak aurrera jarraitzen du, eta nobedadeekin gainera. Izan ere, laguntza.eus-en barruan jaio zenetik Arabako merkatari eta ostalariak laguntzeko asmoz, asko handitu da plataforma hau. Alexander Peredak eta Alvaro Traperok sortu zituzten bai Laguntza, bai Gure, eta lanean jarraitzen dute ekimen solidarioak eta merkatarien lana azpimarratzeko asmoz.
Gureren kasuan, adibidez, bonuak jarri zituzten salgai, Arabako saltokiak, ostalaritza eta zerbitzu enpresak bizitzen ari diren egoera ikusita. Horretan ia 70.000 euro batu dituzte jada hauek guztiak laguntzeko, eta Trapero eta Pereda "oso pozik" daude horrekin, baita aurrera jarraitzeko gogoekin ere.
Hainbeste diru batu dute -dio Traperok-, plataforma handitu dutelako. "Izan ere, Laudioko eta Amurrioko udalek eta merkatarien elkarteek bat egin dute ere ekimen honekin, eta duela gutxi ere Gorbeialdeko kuadrilla ere, eta bonuak eskaintzen hasi dira", azaltzen du web honen sortzaileak.
Adibidez, Laudiok bat egin zuen ostiral horretan, web orrialdeak 2.000 bisita inguru jaso zituen, eta horrek ere lagundu die aurrera jarraitzeko. Hala ere, Laudioko bonu kanpaina amaitu da jada, baina Gasteizerako, Amurriorako eta Gorbeialderako ondino daude bonuak salgai http://gure.laguntza.eus/ web orrialdean. "Kanpaina batzuk ixten joan dira, baina aurrera jarraituko dugu", azpimarratzen du Traperok.
Amurrioren kasuan, adibidez, eta udalak bere web orrialdean adierazi zuen moduan, Amurrioko Merkatari Txikien eta Ertainen Elkarteak (Apymca) eta Amurrioko Udalak martxan jarri duten Berriro Irekitzeko Bonuak kanpaina jada hasi da.
Ekimenak bi bonu mota jasotzen ditu. 10 euroko Ostalaritza Berriro Irekitzeko Bonua eskuratzeko bezeroek 8 euro ordaindu beharko dute. 30 euroko Merkataritza eta Zerbitzuak Berriro Irekitzeko Bonua eskuratzeko, berriz, bezeroek 25 euro ordaindu beharko dute. "Amurrioko Udalak bere gain hartuko duen eta bonuetan aplikatuko den hobaria 2 eta 5 eurokoa izango da, hurrenez hurren", gogoratzen zuten.
Gorbeialdeko kuadrillan ere, DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariak jada argitaratu zuen moduan, hiru motatako bonuak daude. Ostalaritzakoak 10 eurokoak dira, baina bezeroak 7 ordainduko ditu, merkataritzakoak 30 -20 euro ordainduko ditu erosleak-, eta aisialdi, artisautza eta nekazari elikagaien ingurukoak 15 eurokoak -bezeroak 10 ordainduko ditu-. Amurrion eta Laudion gertatzen den bezala, kuadrillak gainontzekoa ordainduko du -3, 10 eta 5 euro hurrenez hurren-.
Eskaintzen diren zerbitzuen artean, gainera, eskaintza askotarikoa da. Zerbitzuak, ostalaritza, dendak eta aisialdirako ekitaldiak aurki daitezke, adibidez. Atzo, lurralde guztiak kontuan hartuta, 2.333 bonu sortuta zeuden jada, baita 365 enpresa direktorioan sartuta. Izan ere, nahiz eta adibidez Laudioko kanpaina amaitu izana, parte hartu duten enpresa guztiak direktorioan daude sartuta ondino. "Horietako batzuk ez daukate web orrialderik, edo ez daude ondo posizionatuta, eta Guren sartuta egoteak lagundu al die horretarako, ikusgai egoteko", dio Traperok gainera.
Web honek jada 18.250 bisita jaso ditu sortu zutenetik, eta sortzaileak dio udalek eta merkataritza elkarteek bat egiteak ondo datorkiela. Jada aurreratzen du harremanetan jarraitzen dutela etorkizunean ekimen gehiago egiteko eta horrela haien harri-koskorra ere ekartzen jarraitu ahal izateko.
Bonuak erosteko edo direktorioan enpresa edo zerbitzuren bat sartzeko haien web orrialdean dago informazio guztia, baita haien sare sozialetan ere. Izan ere, orain arte, jende asko jarri da haiekin harremanetan Twitterren bidez.
Enpresen kasuan, http://gure.laguntza.eus/sube-tu-comercio/ atalean inprimaki bat bete behar da zenbait datuekin -enpresaren izena, eskaintzen duen zerbitzua, non dagoen, etab.-. Gainera aurreratzen dute irabazi asmo gabeko ekimen bat dela Gure, eta "etengabe" lan egiten dabiltzatela. Beraz, 4 bat egun behar izango dituzte beharbada enpresak direktoriora igotzeko, eskaera "asko" jasotzen dituztelako. "Pazientzia pixka bat eskatzen dizuegu horregatik", diote web orrialdean.
Hala ere, eta nahiz eta orain Gurerekin oso kontzentratuta dauden covid-19a dela eta bi hilabetez itxita egon diren enpresak laguntzeko, hasieran sortutako laguntza.eus ez dute alde batera utzi. Web orrialde horretan Peredak sortutako mapa interaktibo bat aurki daiteke eta bertan Arabako ekimen solidarioak ezagutzera ematen dituzte.
Gasteizen 100 ekimen baino gehiago daude, eta beste kuadrilletan ere beste zenbait aurki daitezke elkarteek, instituzioek edo enpresek sortuta, eta argi daukate Traperok eta Peredak aurrera jarraitu nahi dutela ere honekin, hauek egiten duten lanaren balioa azpimarratzeko. Horregatik, covid-19a dela eta sortutako bi plataforma hauek, bai Laguntza, bai Gure, aurrera jarraituko dute ikusi dutelako honekin lagundu dezaketela eta gustoko dutena ere egin dezaketelako; Alvarok web orrialdearen diseinua eta Alexanderrek mapa interaktiboen sorkuntza. Hala, haien harri-koskorra ekartzen jarraituko dute luzaro.
Laguntza.eus. Plataforma honetan mapa interaktibo bat sortu dute Alvaro Traperok eta Alexander Peredak Arabako instituzioek, enpresek eta elkarteek sortu edo antolatu dituzten ekimen sozialak ezagutzera emateko.
Gure. Covid-19a dela eta bi hilabetez itxita egon diren enpresak laguntzeko sortu duten plataforma da. Direktorio bat daukate bertan enpresak sartzeko eta hauek ikustera emateko, baita bonuak ere http://gure.laguntza.eus/ web orrialdean salgai.