56
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 56 pertsona atxilotu dituzte Araban.
409
Euskadin, poliziak 409 pertsona atxilotu ditu.
- Kalera justifikazio barik ateratzea egotzita, hau da, konfinamendua urratzeagatik, 26.000 isun inguru jarri dituzte Euskadin azken asteetan, ia 5.000 mila Araban.
Sanchezen Gobernuak martxoaren 15ean jarri zuen indarrean alarma egoera, eta ordutik hilaren 12ra arte, DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkari honek ezarritako isunen datuak jaso ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik : Guztira, 25.707 isun (11.734 Ertzaintzak ezarritakoak eta 13.973, berriz, Udaltzaingoak jarritakoak). Herritar horiei guztiei arau-hauste bera leporatzen zaie; desobedientzia alarma egoeraren aurreran, edo bestela esanda, Errege Dekretua urratzea. Datuen arabera, lurralde honetan, batez beste, 80 isun jarri dituzte egunean eta Euskadin, berriz, 450 isun pasatxo egunero. Nolabait ere, egun guztiak ez dira berdinak, eta asteko egun batzuetan, asteburuetan gertatzen den bezala, desobedientzia areagotu egiten da herritarren artean. Hala adierazten dute, behintzat, datuek. Adibidez, hilaren 8tik larunbatera, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 600 isun inguru jarri zituzten egun berean, eta astegun batean, adibidez maiatzaren 11tik 12ra, 201 isun, hau da, ia 400 isun gutxiago. Halere, eta salbuespenak salbuespen, egun guztiak ez dira berdinak. Adibidez, maiatzaren 6tik 7ra 600 isun inguru jarri zituzten, nahiz eta asteazkena izan.
Lurraldeka, Araban, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 4.500 lagun baino gehiago zigortu dituzte, batez ere, Gasteizko Udaltzaingoak nahiz eta alde txikiarekin. Zehazki, Ertzaintzak 2.059 salaketa jarri ditu eta Gasteizko agenteek 2.465. Hala ere, Araban jarri dira salaketa gutxien, Bizkaian egin direnen oso azpitik. Izan ere, Bizkaian 13.200 lagun baino gehiago zigortu dituzte, horietatik 5.580 Ertzaintzak eta 7.670 Udaltzaingoak. Eta Gipuzkoako lurraldean datuek behera egiten dute: 7.933 salaketa (4.095 Ertzaintzak ezarritakoak eta 3.838 Udaltzaingoak).
Isunen kopuru ekonomikoa poliziak salatutakoaren araberakoa izan daiteke.Hau da, ez da zertan kopuru berdina izan behar herritar guztientzat. Haatik, zigorra batez beste 600 eurokoa izaten da, desobedientziak konfinamendua ez betetzeari bakarrik eragiten badio. Isun horrek herritarrei haserrea eragiten badio eta azkenean poliziari iraintzen, desadostasuna sortzen edo erasotzen badio, isunak nabarmen egin dezake gora eta pertsona atxilotu ere egin daiteke. Horixe da 410 laguni gertatu zaiena Euskal Autonomia Erkidegoan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Ertzaintzak 31 pertsona atxilotu ditu Araban eta Udaltzaingoak beste 25. Bizkaian, 277 pertsona atxilotu dituzte martxoaren 16tik maiatzaren 12ra arte, eta Gipuzkoan, berriz, 76.
Horrez gain, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ere kontrol ezberdinak egin dituzte egunero. Kontrol horietan, Ertzaintzak 8.239 pertsona identifikatu ditu Araban eta Udaltzaingoak 18.728. Gainera, 30.559 ibilgailu ere atzeman dituzte. Guztira, 117.671 pertsona identifikatu dituzte Euskadin (26.967 Araban, 47.227 Bizkaian eta 43.477 Gipuzkoan). Eta 169.364 ibilgailu atzeman dituzte (30.559 Araban, 92.390 Bizkaian eta 46.415 Gipuzkoan). Egungo deseskalatze-fasean ere, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak eguneroko kontrol-lanak egiten jarraitzen dute Euskadiko errepide eta kaleetan, legea betetzen dela egiaztatzeko.Hala ere, deseskaladak jarraitzen duen heinean eta dekretua herritarrekin malguagoa den heinean, zailagoa da antzematea ea herritar bat kalera ateratzen den denborari dagokionez legea errespetatuz, adibidez, edo nahi duena egiten duen. Dena dela, poliziak orain tabernetako kontrolak ere handitu ditu, terrazetako edukiera eta distantzia betetzen direla bermatzeko, besteak beste.
Polizia-buru batek egunkari honetan azaldu zuen bezala, egungo egoeran hainbat herritarren deiak jasotzen dituzte etengabean, legea haustea salatu eta poliziaren presentzia eskatzen dutenak. Batez ere konfinamenduaren hasieran, non erabat debekatuta zegoen kalera irtetea eta, hala ere, herritar asko paseatzera irteten ziren egoerak eragindako estutasunagatik, baita konfinamenduak bikotearen etxeko eztabaidak areagotzea ere eragin duelako. "Egun osoa etxean sartuta egoten garenez, bikoteen arteko eztabaidak areagotzen ari dira egunotan. Izan ere, isuna jarri diegun pertsona askok justifikatu egiten digute kalera ateratzen direla etxean bikotearekin haserretu direlako eta egoera jasanezina denez kalera irten behar direla esaten digute. Hala ere, legeak esaten duena errespetatu behar dugu, nahiz eta bizi garen egoera egokiena ez izan eta kaleta irtetzen badira legea urratuz, isuna jarri behar diegu".