- Koronabirusak hedatzen jarraitzen du baina haren abiadura moteltzen hasi da. Datu positibo gisa, azken 24 orduetan ez da hildakorik izan Euskal Autonomia Erkidegoan, nahiz eta joan den osteguneko azken orduan, beste gaixo bat zendu zen eta 13ra arte igo zen hildakoen kopurua egun hartan.
Osasun Sailburu Nekane Murga hedabideen aurrean agertu zen atzo, Covid-19aren berri emateko ohiko prentsaurrekoan. Bertan, pandemiaren deseskalatze fasean kasuak eta euren kontaktuak behatu eta kontrolatzeko plana aurkeztu zuen. Gainera, sailburuarekin batera izan zen Ignacio Garitano, Osasun Publikoko Zuzendaritzako epidemiologoa eta plana garatzen ari den profesionalen taldeko arduraduna. Agerraldi horretan, Nekane Murgak azaldu zuen bezala, azken 24 orduetan ez da hildakorik izan Euskadin. "Orain arte 1.455 pertsona hil dira guztira, eta atzo (ostegunean) beste bat hil zen. Gainera, atzo (ostegunean) bi ospitaleratze berri izan ziren, PCR positiboarekin eta 50 pertsonak ZIU jarraitzen dute", jakinarazi zuen.
Bestalde, azken orduetako gaixoei dagokienez, datuek erakusten dute koronabirusak bere muga aurkitu gabe jarraitzen duela, baina modu motelagoan egiten duela gora. Izan ere, ostegunean PCR proben bidez baieztatu zituzten positibo berriak 31 dira. Lurraldeka, 9 kasu berri daude Araban, 17 Bizkaian eta bi Gipuzkoan. Halaber, Euskadin detektatutako beste hiru kasu positibo beste autonomia-erkidego ba-tzuetako pertsonei dagozkie. Gainera, test azkarraren bidez detektatutako kasuak 29 izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete.
Egindako proben kopuruak ere gora egin du. Sailburuaren hitzetan, "Euskadin 154.142 PCR eta 90.639 test azkar edo serologiko egin dira guztira. Atzo (ostegunean), 9.421 proba egin ziren. Zehazki,5.001 PCR eta 4.420 test azkar". Horrez gain, Osakidetzak PCR proba egingo die Covid-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsona guztiei. Hala aurreikusten du, behintzat, Osasun Sailak pandemiaren deskonfinamenduaren faserako abian jarri duen zaintza- eta kontrol-planak. Plan horren helburuak honako hauek dira: Covid-19aren kasuak goiz detektatzeko sistema bat ezartzea; kasuen eta haien hurbileneko kontaktuen jarraipena egitea, ikuspuntu klinikotik eta epidemiologikotik, eta pandemiaren bilakaera monitorizatzea. "Hala egin nahi da, komunitatean eta gizarte- eta osasun- zentroetan eta erakunde itxietan transmisioa eta kasuen multzokatzeak murrizteko", helarazi zuen Murgak.
Ildo beretik, Sailburuak azaldu zuenez, planak Lehen Mailako Arreta du ardatz, bereziki Erizaintzako taldea; izan ere, "hura sendotu egingo da eta, horretarako, Lehen Mailako Arretan eta Osasun Publikoan gaitasunak dituzten familia eta komunitateko 34 erizain espezialista kontratatuko ditu". Aurreikuspenen arabera, erizain-tzako 150 profesional inguruk izango dute zeregin horretarako behar den prestakuntza. "Gainera, ospitaleetako prebentzio-medikuntzako zerbitzuen eta osasun-zentroetako lan-osasuneko unitateen lankidetza izango du, bai eta Osalanena ere, lan-eremuan gertatzen diren kasuetarako", nabarmendu zuen. Plan honetan jarduteko aurreikusten den protokoloak honako hauek ekarriko ditu: "Covid-19arekin bateragarriak diren sintomak dituen edozein pertsonari eskatuko zaio berehala PCRa, eta etxeko isolamendua aginduko zaio, harik eta emaitza ezagutu arte. Baten batek sintomak baditu, dagokion osasun-zentrora deitu beharko du hitzordua hartzeko, eta etxean egon beharko du, harik eta PCR proba egin arte", azaldu zuen Ignacio Garitanok eta erantsi zuenez, emaitza positiboa bada, kasua eta hurbileneko kontaktuak aztertuko dituzte Lehen Mailako erizaintzako langileek. Kasuak eta kontaktuak aztertzeko, GO.DATA aplikazioa erabiliko da; aplikazioa Osasunaren Mundu Erakundeak sustatzen du, eta Osasun Saila eta Osakide-tza dagoeneko ari dira sartzen.
Atzoko agerraldian, maskaren erabilera ere eztabaidatu zuten. Ildo horretan, Osasun sailburua espazio publikoetan maskara erabiltzearen alde agertu zen, izan ere, "prebentzio- eta segurtasun-plusa ematen du. Zenbat eta mugikortasun eta kontaktu handiagoa izan, orduan eta maskara gehiago erabili behar dira", gaineratu zuen. Gainera, joera positiboari eutsiz gero, EAE osatzen duten hiru herrialdeak deseskalada fase berri batera igaro daitezkeela azaldu zuen. "Pozik gaude ditugun datuekin, balorazio bat egiten ari gara, laster fasez aldatzeko eskaera egin behar dugulako, eta gure aurreikuspena da aurrera egitea eta deseskalada fase berri batean ere aurrera egitea", azaldu eta erantsi zuen. "Beste lurraldeek baino gehiago mugatu dugu, baina gauzek aurrera egiten jarraitzen badute eta kasuen kopurua kontuan hartzen bada eta behera egiten badute, eman beharreko hurrengo urratsa aisialdia ahalbidetzea izango da", azpimarratu zuen.
Hildakoak. Azken orduetan ez da hildakorik izan Euskadin. Hala ere, joan den ostegunean gaixo bat gehiago hil zen koronabirusaren ondorioz, eta, azken datu horrekin, guztira 13 pertsona zendu ziren joan den ostegunean. Orain arte, 1.455 pertsona hil dira. Bestalde, 50 pertsonak ZIUn jarraitzen dute.
Gaixoak. Ostegunean PCR proben bidez baieztatu zituzten positibo berriak 31 dira. Lurraldeka, 9 kasu berri daude Araban, 17 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan. Halaber, Euskadin detektatutako beste 3 kasu positibo beste autonomia-erkidego batzuetako pertsonei dagozkie. Gainera, test azkarraren bidez detektatutako kasuak 29 izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan.
"Beste lurraldeek baino gehiago mugatu dugu, baina gauzek aurrera egiten jarraitzen badute eta kasuen kopurua kontuan hartzen bada eta behera egiten badute, eman beharreko hurrengo urratsa aisialdia ahalbidetzea izango da".