- "Bi udalerrien arteko esperientziak eta jarduerak partekatzeko eta trukatzeko abiapuntu bat izango da, bai eta udalerrietako talde eta herritarren artean ere, guztion onerako eta onurarako". Hala adierazi zuen Unai Gutierrez Urkiza Zuiako alkateak 2019ko maiatzaren 9an, Arabako eta Gironako udalerrien arteko senidetze hitzarmenaren sinadura ekitaldian. Eta urte bat pasada, hala izan da.

Izan ere, Igaro den urtean, bi korporazioek "lankidetza estua" izan dute, eta, horren ondorioz, lan-batzorde bana sortu dira. Bere eskumenen artean, loturak sendotzeko jarduerak garatzea. Zuiako udalaren hitzetan, "esate baterako, udalerrien artean bisita kulturalak trukatu dituzte, bi udaletako talde eta kolektibo ezberdinen arteko harremanak sorrarazi dira, eta korrespondentzia on-line arina ezarri da ikastetxeen artean, hau da, Zuiako Oroko Andra Mari Eskola eta Murgiako Institutua batetik, eta Vergeseko Llar d 'infants Les Bombolles eta Francesc Cambó Institutua, bestetik". Batzorde horien beste eskuduntzetako bat urteurreneko ekitaldiak prestatzea zen, hain zuzen ere. "Baina Covid-19 izurriteak eragindako egoeraren ondorioz, plana moldatu behar izan da", gaineratu zuten. Hala, "aurreikusita zegoen Vergeseko korporazioak, ikastetxeekin lotutako taldeek eta herriko elkarteek osatutako ordezkaritza Zuiara etortzea". Azkenik, topaketa birtuala egingo da, eguerdi honetan, eta "bi udalerrietako herritar guztiak gonbidatuta daude bertan parte hartzera". Verges eta Zuia udalen arteko senidetzea Gure Esku Zuia erabakitzearen aldeko mugimenduaren proposamena izan da. Kataluniako herriari babesa eta elkartasun osoa adierazi eta erakustea du helburu nagusia.