rmentiako zelaiak hutsik, nesken dantzarik gabe, zabalgune isila eta herri kirolen erakustaldirik gabe. San Prudentzioren eguna modu guztiz ezberdinean ospatu zen atzo koronabirusak eragidanko egoera dela eta, baina, hala ere, arabarrek omenaldia egin zioten lurraldeko zaindariari. Hala, San Prudentziok pandemia horren ondorioz hildako pertsonekin partekatu zuen bere protagonismoa atzo, eta, horrela, minutu bateko isilunea egin zien lurraldean koronabirusa gainditzea lortu ez duten 338 hildakoei.
San Prudentzio ohoratzeko urtero egiten diren ekitaldi gehienak bertan behera geratu ziren atzo, baina, hala ere, zenbait ekitaldi aurrera eraman ziren.Horrela, eguna txistularien erritmoarekin hasi zen. Izan ere, goizeko bederatzietan, tradizioak agintzen duen bezala 1935etik, Probintziako Etxe Jauregiaren kanpoaldean, txistulariek Araba Zortzikoa jo zuten. Mailadi nagusia osatzen duten lau zutabeetako bakoitzaren azpian ezkerretik eskuinera kokatu ziren Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, Pedro Elosegi Batzar Nagusietako presidentea eta Ana del Val Kultura diputatua. Guztiek maskarak jarri zituzten beharrezko prebentzio-neurriak betetzeko eta, aldi berean, koronabirusa zabaltzea saihesteko. Gainera, Miñonez taldeko agenteek ere bertan izan ziren galaz jantzita, arabarrentzat "harmonia eta batasun ona" eskatzen duen konposizioaren notak entzun.
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak hitz batzuk eskaini zizkien arabarrei, eta pandemia uzten ari diren ehunka biktimak omentzeko ere balio behar duen data "apartekoa" eta "hunkigarria" nabarmendu zuen. "Kasu gehienetan, gerraostean gauzak erraz izan ez zituen belaunaldi batekoak diren pertsonak dira, eta euren ahaleginarekin guk bizitza hobea izatea lortu zuten. Arabaren kasuan oso belaunaldi anitza da, Estatuko leku askotatik datorrelako eta elkarrekin lurralde oparoa eraiki dutelako",helarazi zuen. Gainera, hitz horien ostean, Ramiro Gonzalezek astelehen gaueko danborrada eskertu nahi izan zuen. "Historiako danborradarik jendetsuena izan zen. Plaza honetan ez zegoen inor, baina milaka lagunek euren etxean, gaur (atzo) San Prudentzio ospatzen dela gogoratu nahi izan zuten". Horregatik atzoko ekitaldia: "Ezin ditugu ahaztu, osasun-krisi izugarri honetan oso baldintza gogorretan, euren familiei agur esan ezinik, sufritzen ari diren eta hil diren pertsonak", gaineratu zuen Gonzalezek.
Araba zortzikoa bukatu bezain laster, jarraian, lorategian, Arabako bandera masta erdian jarri zuten galaz jantzitako miñoien bikote batek, Agur Jaunak piezaren doinupean. Ondoren, minutu bateko isilunea egin zuten hildakoen omenez.
Ia ekitaldi guztia intimitatean egin zen, publikorik gabe, agintariak eta hainbat miñoi, kazetari eta argazkilari izan ezik. Hala ere, ekitaldia zuzenean eman zuten aldundiaren webgunean bertan, eta bertan jarraitzen du bideoarekin gozatu nahi duten arabar guztien eskura.
Bestalde, San Prudentzio egunagatik atzo emandako meza "azken hamarkadetako ospakizun berezienetako bat" izan zen, Gasteizko Elizbarrutiaren arabera. Covid-19 pandemiak eragindako konfinamendu egoera historikoaren aurrean, arabarren zaindariaren eguneko meza nagusia zuzenean eman zen Internet eta irrati bidez, Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzaina buru zela, eta Bikario Nagusia, Carlos Garcia Llata eta Josetxu Apellaniz basilikako erretorea buru zirela. Mezan, hildakoei eta haien senitartekoei eskaini zizkien lehen hitzak, beren familiak agurtu ezin izan dituztenei, eta, horregatik, San Prudentzio eguneko eukaristia eskaini zien. Gaixoak ere izan zituen buruan, eta "lehenbailehen sendatzea" opa zien. Gainera, Juan Carlosek bere mezuan azaldu zuenez, ospakizun honek, milaka arabar eta gizartearen ordezkari euren etxeetatik jarraitzen ari diren ospakizunak, "erresilientzian berresten gaitu, hau da, pandemia egoera honetatik indartuta, umilago, solidarioago eta baketsuago atera gaitezkeela", adierazi zuen. Hori dela eta, "Umiltasuna, elkartasuna eta bakea" hitzak nabarmendu zituen.
Ildo beretik, birusaren aurka lehen lerroan borrokan ari diren langileak ere ez zituen ahaztu nahi izan; bereziki, osasungintzako profesionalak, supermerkatuak, farmaziak, garraiolariak, segurtasun-indarreko langileak eta kargu instituzionalak aipatu zituen: "Eskerrik asko une kritiko honetan egiten duzuen lanagatik, zuen bizitza pertsonala sakrifikatuta, baldintzarik gabe zaudete herritarren zerbitzura. Gasteizko Elizaren izenean, eskerrik asko bihotz-bihotzez. Une kritikoak dira guztiontzat, baita hainbat administraziotatik gobernatzen gaituzten arduradun politikoentzat ere. San Prudentzio eta Estibalizko Ama Birjinaren esku utziko ditugu. Pandemia honek proban jarri ditu". Gainera, "normaltasunera bueltatzeko deseskalada lan honetan, pertsona ahulenek gure lehentasuna izaten jarraitu behar dute. Pastoral sormenak eta bihotzeko eskuzabaltasunak ohiko eta aparteko bideak emango dituzte pobreenen sustapenean".
Hamalau eskaera egin zizkioten San Prudentziori Arabako gizarteko hainbat arlotako ordezkariak. Eta eskaera horiek honako hauek idatzi zituzten: Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusiak; Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidenteak; Gorka Urtaran Gasteizko alkateak; Kepa Urigoitia ABRAtik; Inés Baigorri, Gasteiz On Merkataritza Elkarteko presidenteak;, Diego Martínez de San Vicente, Michelínetik; Mariano Arconada, Vital Fundazioko zuzendaria; Jon Urresti, Cáritaseko zuzendaria eta Sor Isabel, Egibidetik; Nacho Eguizabal, besteak beste. Gainera, eskaintzak egin zirenean, ogiarekin eta ardoarekin batera, Arabako Zazpi Kuadrilletatik ekarritako produktuak eskaini ziren, arabar guztien parte-hartzea eta entrega modu horretan ikusarazi nahian.
Eta horrela amaitu zen arabarrentzat den egun berezia, koronabirusak ere ezin izan baitu gelditu. Izan ere, astelehen gauean danbor-jotze historikoa izan zen Arabako etxeetako balkoi eta leihoetatik. Danborrada hau gaixotasunak ere ezin izan du gelditu Araban.
Ospakizuna. Goizeko bederatzietan, tradizioak agintzen duen bezala 1935etik, Probintziako Etxe Jauregiaren kanpoaldean, txistulariek Araba Zortzikoa jo zuten. Bertan izan ziren Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, Pedro Elosegi Batzar Nagusietako presidentea eta Ana del Val Kultura diputatua.
Isilunea. Jarraian, lorategian, Arabako bandera masta erdian jarri zuten Agur Jaunak piezaren doinupean eta minutu bateko isilunea egin zuten hildakoen omenez.