- Asteburuan joan-etorriak saihestea. Helburu horrekin Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kontrolak areagotuko dituzte bihar arte, jendea etxetik atera ez dadin. Prebentziozko kontrolen helburua da alarma-egoerak eragindako jarduera- eta mugimendu-murrizketak betetzen direla bermatzea. Izan ere, gaur egun, pertsonak erabilera publikoko bideetatik baino ezin dira ibili, funtsean, lan-jardueretarako edo premia biziko jardueretarako baina oporretarako edo aisialdirako irteerak debekatuta daude. “Konfinamendua ohiko bizilekuan egin behar da”, gogorarazi zuten atzo Segurtasun Sailetik.

Horretarako, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen patruilek egiaztapenak egingo dituzte debeku horiek betetzen direla ziurtatzeko. Egiaztapen hori errepidean nahiz garraio kolektiboko geltokietan egingo da.

Gainera, gogorarazten da, alarma-egoera eta osasun publikoko larrialdia betetze aldera, Ertzaintzak errepideak edo errepide-zatiak zirkulazioan ixtea erabaki dezakeela, osasun publikoa, segurtasuna edo zirkulazioaren arintasuna direla-eta, edo, arrazoi berberengatik, ibilgailu jakin batzuen sarbidea murriztea. Halaber, gidariei eskatu ahal izango die bidaiaren arrazoiak argi eta garbi azaltzeko. Gobernu zentralak justifikaziorik gabe kalera irtetea debekatu zuen egunetik aplikatzen ari diren neurriak dira, horrela koronabirusak kutsatutako pertsona kopuru handiagoa saihesteko. Asteburuetan, ordea, areagotu egingo dira poliziaren kontrolak.