- Iturri ofizialei jarraitu, eta gizarteari beldur eta larritasun handiagoa zabaltzen dioten zurrumurruak baztertu. Ertzaintzak hori gomendatu zuen atzo, sare sozialetan zurrumurruak zabaldu ostean.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, Ertzaintzak berri izan du sare sozialetan zabaldu dela datozen egunotan salbuespen-egoera ezarriko dela eta horrek hornidura-arazoak ekarriko dituela. “Atzo Espainiako Gobernuko presidenteak soilik jakitera eman zuen alarma-egoera luzatu egingo dela, eta, legeak ezartzen duen bezala, datorren asteazkenean Diputatuen Kongresuak onartu beharko duela”, adierazi zuten Eusko Jaurlaritzatik atzo. Alarma-egoera elikagaien hornikuntza bermatzen duen jardueretako bat da.

Hori dela eta, Ertzaintzak herritar guztiei aholkatzen die kasurik ez egiteko iturri ofizialetatik ez datorren informazioari, eta ez zabaltzeko sare sozialetan argitaratzen diren gezurrak.

Sare sozialez gain, buloetako asko Whatsapp berehalako mezularitza aplikazioaren bidez zabaltzen eta hedatzen dira. Izan ere, azkenaldian modu masiboan bidaltzen ari dira konfinamenduan egindako hainbat txantxa, eskaerak eta haiekin batera buloak. Egunkari honek aurreko edizioan azaldu zuen bezala, bideo bat jasotzen den edo artikulu bat irakurtzen den bakoitzean, hura egiten duen pertsona nor den edo informazio hori bideragarria den ala ez bermatzeko hedabidea zein den begiratu behar da.