GASTEIZ - Hizkuntza bat herri baten nortasunaren ezaugarririk garrantzitsuenetakoa dela diote. Izan ere, hizkuntzaren bidez, gizakiek emozioak, nahiak eta balioak adierazten dituzte. Hori kontuan izanda, Euskaltzaindiak, Gasteizko Udalak eta Oihaneder Euskararen Etxeak, Laboral Kutxaren babesarekin, Euskara ibiltaria erakusketa aurkeztu zuten atzo. Iñaki Gurtubai, Gasteizko Udaleko alkateordea; Andrés Urrutia, Euskaltzainburua; Ibon Urgoiti, Negozio Garapenerako Zuzendaria; Adolfo Arejita, Euskaltzaina -Ehha egitasmoaren Zuzendari akademikoa eta Iñaki Lazkano, Kultur Programazioaren Arduraduna izan ziren bertan. "Erakundeen arteko lankidetza azpimarratu nahi dugu. Baita Euskaltzaindiarekin eta Oihanederrekin aspalditik dugun harreman estu eta emankorra. Erakusketa hau gure hirian izatea zorte handia da. Eta horregatik, gasteiztar guztiak hona gonbidatu nahi ditugu, euskararen aniztasuna eta aberastasuna ezagutzera", adierazi zuen Iñaki Gurtubai alkateordeak. Bestalde, Iñaki Lazkanok azaldu zuen bezala, Oihanederretik argi zuten proiektu horrek Gasteizera ere iritsi behar zuela, "euskararen aberastasunak" erakusten dituelako bere ezaugarri guztietan. Adibidez, Lazkanok zehaztu zuen bezala, tximeleta ehun modu ezberdinetan ere esan daiteke eta minutu gutxiren buruan herritarra kultura horretatik aberastu daiteke bideoen, jolasen edo puzzleen bidez. "Erakusketa honen berri izan ondoren, argi izan genuen Gasteizen leku egin behar geniola horrelako egitasmo bati. Oihanederren helburuetariko bat da euskararen eta gainontzeko hizkuntza gutxituen ezagutzan eta normalizazioan eragitea, beraz konbentzituta gaude erakusketa honek lagunduko digula bide hori urratzen", nabarmendu zuen Iñaki Lazkanok.

Euskara ibiltaria erakusketa interaktiboaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta argitalpenak bezala, euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu, -lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia-. Horretarako, erakusketa bost atal nagusitan dago banatua eta atal horietako bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasun hori erakusteko. Atlasaren mamia gizarteratzeko erakusketa hau 2015ean antolatu zen estreinakoz, Beasainen. Hainbat hiritan izan da horrez geroztik. Esate baterako, Portugaleten, Bilbon, Iruñean, Baionan eta Donostian, besteak beste. Eta Gasteizen herritar guztiek bisita dezakete erakusketa hau gaurtik apirilaren 26ra arte. Jendearentzako ordutegia honakoa da: asteartetik ostiralera arratsaldeko bostetatik zortzietara eta larunbatetan goizeko hamaiketatik ordu bietara eta arratsaldeko zortzietatik bostetara. Igandeetan ere zabalik daude goizeko hamaiketatik ordubietara.

ZENBAKIA

60

Egunak

Erakusketa hori ia 60 egunez egongo da Gasteizen, gaur hasi eta datorren apirilaren 26ra arte. Herritarrek bertara joateko aukera izan dezaten, ordutegi zabala dute asteartetik igandera.