GASTEIZ - Batzuetan elikadura zaintzea eta modu osasuntsuan jatea aspergarria izan daiteke, batez ere jendeak bazkaltzeko zer prestatu ez dakienean. Horri aurre egiteko, UPV/EHUk elikadura osasungarrirako gidaliburu berri bat argitaratu du, Elikadura eta Gizentasuna ikerketa taldearen eskutik, ¡Comer sano no es dificil... ni aburrido!, gidaliburua hain zuzen ere.
"Jende askoren ustetan, osasuntsu elikatzea oso aspergarria da, entsaladak eta barazki egosiak jatea besterik ezin dela egin uste dutelako. Baina guk ez dugu uste hori horrela denik, baizik eta ezjakintasunak bultzatutako ustea dela? gaur egun aukera asko dago elikadura-patroi osasuntsu eta askotarikoa jarraitzeko, ez dugu zertan beti berdin prestatutako platerak hartu behar? entsaladak ez dira beti letxuga, tomatea eta tipulaz osaturikoak izan behar, eta lekaleak jateko modu bakarra ez da hauek beti txorizo edo barazkiekin hartzea", esaldia Leixuri Aguirrerena da, liburuaren idazleetako batena. Hala, liburuaren egileak Itziar Eseberri, Jenifer Trepiana, Anastasia Parfenova, Natalia Romo Miguel, Andrea Mosqueda, María del Puy Portillo eta Leixuri Aguirre dira, UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Elikadura eta Gizentasuna ikerketa taldeko ikertzaileak guztiak. Gainera, Ciber sareko ikerketa zentroko eta Bioaraba Arabako Osasun Ikerketa Institutuko kidea ere bada Elikadura eta Gizentasuna ikerketa taldea; Ciber zentroari dagokionez, Carlos III osasun institutuaren mendekoa da eta Elikadura eta Gizentasuna ikerketa taldeak zentro horren barneko Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologiaren sailean egiten du lan.
Gidaliburu honen helburu nagusia "era osasungarrian elikatzea ez dela horren zaila edo aspergarria". azaltzea izan da. "Elikadura-patroi egoki bat ez jarraitzeko aitzakiak behin eta berriro errepikatu ohi dira: aspergarria da, ez dut denborarik, ... Hortaz, nahiz eta elikadura osasungarri baten inguruko hastapenak ematen diren, gida honen helburu nagusia elikadura-ohiturak aldatzeari ikuspegi praktiko bat aplikatzea izan da; menu ezberdinen proposamenak egin, lanean bazkalduez gero taperrean eraman daitezken plateren proposamenak, etxetik kanpo jaterakoan kontuan har daitekeena dieta bat jarraitzen ari bagara edo ez badugu osasungarria denetik gehiegi aldendu nahi?", nabarmedu dute Itziar Eseberrik eta Leixuri Aguirrek.
Gainera, liburu honek bi zati hartzen dituela esan daiteke: alde batetik, zati teorikoagoa eta, bestetik, zati praktikoagoa: "atal praktikoagoa dugu, non elikagaien anoak zenbatekoak diren eta asteroko menuak, otorduen artean hartzeko aukera osasungarriak, etab.-ren proposamenak egiten diren", azaldu dute. Eta gaineratzen dute: "Aipatzekoa da ere begano eta begetariano diren pertsonen zenbakiak gora egin duenez, menuen proposamenen artean beganoentzako menuak diseinatu ditugula. Beganoak ez ezik, edozeinek ere menu horietan proposatutako platerak ere sartu ditzake bere egunerokotasunean".
Azken batean, herritar eta familia guztientzat diseinatuta eta eginda dagoen gida bat da, osasuntsu jateari lehentasuna ematen diona, astelehenetik igandera bitarteko entsalada bera errepikatu gabe zer menu mota prestatu behar den argi ez duenarentzat, besteak beste: "Berez gida honetan ez gara ari dietan dauden pertsonen elikaduraz, baizik eta elikadura-patroi osasungarria bereganatu nahi duen pertsonez? edozein kasutan, dieta bat arrakastatsua izateko, ezinbestekoa da ohituren aldaketa barneratzea, bestela, hori egin ezean, dieta bukatzerakoan berehala itzuliko gara gainpisua edo obesitatea eragin digun elikatzeko modu horretara?", azaldu dute. Gidaliburu hori osasun profesionalentzat ere bada, erraz irakurtzeko modukoa eta formatu erabilerrazekoa baita. Halaber, osasun zientziekin lotutako graduetako ikasleek ere informazio esanguratsua atera ahalko dute beraien prestakuntzarako. Liburua salgai dago dagoeneko, eta eskuragarri dago Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuaren web gunean, 12 euroren truke.
Xehetasunez
Gidaliburua. UPV/EHUk elikadura osasungarrirako gidaliburu berri bat argitaratu du, Elikadura eta Gizentasuna ikerketa taldearen eskutik.
Profesionalentzat ere. Gidaliburu horren publiko objektiboa jendea da, orokorrean, baina horrez gain, osasun profesionalentzat ere bada, erraz irakurtzeko modukoa eta formatu erabilerrazekoa baita. Halaber, osasun zientziekin lotutako graduetako ikasleek ere informazio esanguratsua atera ahalko dute beraien prestakuntzarako.
Esaldia
Leixuri Aguirre liburuaren idazleetako bat
"Entsaladak ez dira beti letxuga, tomatea eta tipulaz osaturikoak izan behar"