GASTEIZ - Arabako nekazari eta abeltzainek "nekatuta" eta "larrituta" sentitzen dira eta horregatik Arabako Nekazarien Elkartetik (UAGA) deitutako elkarretaratzearekin bat egitea erabaki zuten atzo, horrela, estatu osoan nekazaritza sektoreak egiten dituen mobilizazioekin bat egin zuten beraien eskubidek defendatzeko asmoz.
"COAG, Asaja eta UPA, 2019ko nekazal datuak elkarrekin baloratu ondoren, bat etorri dira sektorearen bilakaera negatiboan eta milaka nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiren biziraupena arrisku larrian jartzen duten arazoen existentzian", azaldu zuten UAGAtik. Bertako presidente Javier Torrek zehaztu zuenez, estatu mailan mobilizatzeko arrazoi nagusiak honako hauek dira: nekazaritzako produktuen prezioen jaitsiera orokorra eta nekazarien errenten etengabeko igoera, besteak beste. Hala ere, Javier Torrek zehaztu zuenez, Araban zehazki, "gure sektorearen etorkizuna arriskuan jartzen duten beste mehatxu batzuk ere badaude". Zehazki, erremolatxa "jasanezinaren" prezioa, "Errioxa ardoaren merkatuaren mehatxuak, Brexit-a, AEBetako muga-zergak edo landaketa berriak", beste batzuen artean. "Nekazaritzako ustiategi profesionalak mantentzera zuzendutako nekazaritza politikak behar ditugu", argitu zuen Torrek. Ildo beretik, presidenteak landa-ingurunearen despopulazio-arriskua azpimarratu nahi izan zuen, eta adierazi zuen beharrezkoa dela gazteak sektorean sar daitezen bultzatzea, ustiategien transmisioa sustatuz eta errentagarritasuna bermatuz. Azkenik, Javier Torrek ere aitortu zuen gobernu zentraletik nekazaritzako saila aldatzeko eta kentzeko aukera aztertzen ari direla, transikzio ekologikoarenaren bidetik joanez. Erabaki hori, ordea, desegokia iruditzen zaio Javier Torreri: "Guk betiko sailean jarraitzea nahi dugu. Zergatik? zelaietan bizi garenok eta egunez egun eremu horietan lanean eta ingurumena zaintzen ari garenok gu geo garelako, beste sail batera pasatuz gero lege berriak egingo dira behar duguna kontuan izan gabe", adierazi zuen.
Egoera larria Nieves Quintana, Juan Carlos Aguillo, Jose Luis Ortiz de Elguea,... atzo sektore horri etorkizuna bermatu ahal izateko baldintza hobeak eskatu nahi izan zituzten nekazarien hiru izen baino ez dira, ez dira elkar ezagutzen baina beraien testigantza oso antzekoa da. "Nekazariak itotzen ari gara, eta inork ez du ezer egiten, sektore hori hiltzen ari da, eta ez dakit noiz arte jarraitu ahal izango dugun bditugun baldintzekin, ea zer etorkizun dugun eta ea zer gazte geratzen den. Gaur egungo gazteek ez dute lan honetaz bizi nahi", esan zuen Nieves Quintanak. Bere kasuan, senarrak eta berak "bizitza osoan" lan egin dute sektore horretan; astelehenetik igandera, denbora eta mimoa inbertitzen dute zerealaren, patataren eta ekilorearen uzta aurrera ateratzeko, baina kezkagarria ikusten du orain sektore horri datorkion etorkizuna: "Baldintza gogorrak jartzen dizkigute, ez dago gure lana baloratuta, prezioak gero eta baxuagoak dira... azkenean, hau nekazaritza industriala bihurtuko da, eta ez familiakoa", gaineratu zuen. Antzeko iritzia zuen Juan Carlos Aguillok.
"Nik zereala ere lantzen dut, eta benetan espero dudala egoera hau konpontzea. Protesta egin behar dugu kasu egin diezaguten. Ez da gauza bera gu hiltzen uztea edo beste batzuk gu hiltzea: borrokatu egin behar dugu, baina egoera ez da batere ona,,... norentzat da erakargarria lan hau? Zenbat pertsona joaten dira egunean lan honetatik?", jarri zuen zalantzan.
Haietatik gertu bi anai-arrebek ere aipatzen zuten nekazaritzak bizi duen egoera. Izan ere, Patxik eta Rosariok ziotenez araudia gero eta zorrotzagoa da nekazariekin: "Lehengoan, ingeniari agronomoa den baina nekazari egin den mutil batek komentatu zuen oso zaila iruditzen zitzaiola egin behar dugun tramite eta dokumentu oro, eta hori nekazal ingeniaria dela. Benetan konplikatua jartzen digute, eta egunetik egunera gehiago eskatzen digute", azaldu zuen Rosariok. Haren anaiak, Patxik, ikuskatzeak gero eta ohikoagoak direla ere azaldu nahi izan zuen. Izan ere, azaldu zuenez, berak hiru ikuskapen jaso ditu urte gutxian. "Lehen manifestazioak egiten genituenean N-1 errepidea blokeatzen genuen gure traktoreekin... orain jende gutxiago gaude, hala ere, espero dugu kasu egingo digutela".
Miguel Ruiz de Loizagak eta Jose Luis Ortiz de Elgueak, berriz, etorkizunean jarrita daukate itxaropena. Biek ziurtatu dute beti bizi izan direla gorabehera handiak lanbidean, baina garrantzitsuena egoera txar honetatik ateratzea dela: "Nekazaritza ez da landatzea bakarrik. Lan asko du, eta batzuetan konplikazio asko jartzen dizkigute, ez da erraza. Izan ere, inguruari begiratu besterik ez dago, ez dago gazterik, belaunaldi berriak ez du jarraitu nahi. Nekazaritzaren unerik txarrenak pasatzen ari gara baina, nire ustez, egoera hau hobetu egingo da".