GASTEIZ - Arabako hotel-establezimenduen 2019ko urteko balantzea 0,7 jaitsi da, Eustatek turismo-establezimendu hartzaileei buruz egindako inkestaren arabera. Euskadiko gainerako lekuetan, 2019ko balantzea %3,7ko igoerarekin itxi da, bai sarreretan, baita ostatu-gauetan ere. Zehazki, 2019an 3.184.904 sarrera zenbatu dira guztira, hau da, aurreko urtean baino 113.774 gehiago, eta 6.265.610 gaualdi, 2018an baino 225.087 gehiago. Eustateko datuen arabera, 2019ko abenduan, Euskal Autonomi Erkidegoko hotel-establezimenduetako bidaiarien sarrerak 208.813 izan dira, hau da, %2,5 igo dira. Sarrerak %4,0 igo dira Bizkaian eta %1,8 Gipuzkoan, baina, esan bezala, %0,7 jaitsi dira Araban.

Bestalde, 2019ko abenduan Euskal Autonomi Erkidegoko hotel-establezimenduetan izandako ostatu-gauak 384.037 izan dira; alegia, aurreko urteko abenduan izandakoen aldean, %0,6ko igoera izan da, hau da, 2.456 ostatu-gau gehiago. Ostatu-gauek ere bilakaera positiboa izan dute urte batetik bestera Bizkaian (% 1,1eko igoera) eta Gipuzkoan (% 0,5ekoa), baina Araban jberriz ere aitsi egin dira %0,5. "Plazen araberako okupazio-mailari dagokionez, ehuneko 0,4 puntu murriztu da EAE osoan, 2018ko abenduan %44,5 izatetik aurtengo abenduan %44,1 izatera igaro baita. Araban, ehuneko 1,1 puntuko igoera izan da, 2018ko abenduan okupazioa % 41,6koa izatetik iragan abenduan %42,7koa izatera igaro baita", adierazi dute Eustatetik, "Gipuzkoako okupazio-mailak ere gora egin du, ehuneko 1,4 puntu, 2018ko abenduan lortutako % 42,9tik azken abenduan lortutako % 44,3ra. Bizkaian, aldiz, ehuneko 2,2 puntuko beherakada izan da, 2018ko abenduan % 46,6 izatetik % 44,4ko okupazio-maila izatera igaro baita joan den abenduan", dio txostenak.

Bukatzeko, logelen okupazio-mailak ere aldaketa positiboa izan du, ehuneko 0,2 puntukoa gelen okupazio-maila % 52,1ekora iritsi baita. Araban portzentajezko 2,9 puntu egin du gora, %52,2tan kokatuz; eta portzentajezko 0,6 puntu Gipuzkoan, logeletako okupazioa %50,9ra iritsiz;Bizkaian puntu 1 jaitsi da, %53ra iritsiz. - E. F. D.