GASTEIZ- Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak bultzatzen duen Ahalduntze feministarako eskolak hitzaldi baterako deia egin zuen atzo Mónica Ramos Tororekin, Gizarte Antropologian doktore eta Gerontologia eta Gizarte Zerbitzuetako prestakuntza institutuko zuzendariarekin. Arratsaldeko zazpietan ospatu zen hitzaldi horretan, Mónica Ramos Torok zahartzeari ikuspegi feministatik heldu zion, agerian uzteko gizarte hetereopatriarkal batean oraindik ez dela gauza bera zahartzea gizona edo emakumea izanda. Izan ere, haren iritziz, ikasketa feministek eskas aztertu dute adineko emakumeen bizimodua. Ramos Torok esan zuenez, gerontologia ez da, oro har, feminismoaren ekarpenez baliatu zahartzaroko genero-desberdintasunak aztertzeko.
Hitzaldi horretan agerian geratu zen emakumeek beraien bizitzan betetako genero-rolek modu negatiboan baldintzatu dutela zahartzaroan duten egoera. Mónica Ramos Torok bere bizitza profesionalaren zati handi bat adineko emakumeen zahartzea genero ikuspegitik ikertzen eman du. Izan ere, bere doktore tesiak gai hori ere hartzen zuen eta horregatik duela urte batzuk bere liburuan murgiltzea erabaki zuen, emakume izanik zahartzea izenekoa. "Emakumeak nahiko ikusezin egon dira", dio. Ikusezintasun hori, ordea, hausten hasi zen duela urte batzuk, genero ikasketetan lehen ikerketa saria jaso eta liburua argitaratu ondoren. "Orain gizartea gehiago kezkatzen da emakume izanda zahartzeak zer esan nahi duen". Alabaina, hitzaldian bertan azaldu zuenez, ez da erraza emakume izanik nagusi izatera iristea. Batez ere, belaunaldi batean besteen zaintzapean bizi izan diren emakumeak.Belaunaldi honetan, garrantzi handiagoa hartzen du emakume horiek lor dezaketen ahalduntzeak, gizarteak horretara bultzatzen baititu.
Mónica Ramosen arabera, zahartzarora iristen ari diren emakumeek gabezia asko dituzte, besteak beste, ekonomikoa: asko ezkondu ziren eta gurasoen zaintzapean egotetik senarren zaintzapean egotera pasatu baitziren. Emakume horiei, konferentzian komentatu zuenez, ez zieten gizonei nahi bezala ikasten utzi, eta lan egin bazuten baldintza prekarioetan egin zuten eta, gainera, askotan gizarte segurantzan kotizatu gabe.
"Errealitate horiek ikusarazi behar dira, emakume horiek mundu guztia zaindu dutelako beti, eta desberdintasunez betetako bizitza batetik arrastaka eramaten dituzten gabezia batzuekin heltzen direlako zahartzarora". Aldi berean, ordea, beste emakume batzuek, gutxik, aukera hobeak izan zituzten ez ezkontzea edo ez ikastea erabakiz, adibidez. Horregatik, antropologoaren arabera, egungo helduaroan ere heterogeneotasun handia dago. Gizartearen arauak jarraitu ez zituzten emakume horiek, ezkondu ez zirenak, edo ikasi zutenak... gaur ere, horietako batzuek baliabide ekonomiko hobeak dituzte, adibidez. Horregatik guztiagatik, antropologoaren arabera, garrantzitsua da gizarteak eta feminismoak berak emakume horien ahalduntzean laguntzea, eta orain zahartzaroaz lasai gozatu ahal izatea. Hala ere, emakume horietako askok lanean jarraitzen dute, eta belaunaldi berri horren bultzada dira; izan ere, gaur egungo emakume askok amonen laguntza behar dute bilobak hazten laguntzeko. "Nik adineko pertsonen kolektibo askorekin egiten dut lan, eta askotan ikusten dut laguntzen badiezu, bultzatzen badituzu, emakume horiek ahaldundu egiten direla. Ahalduntzea ez delako familiarekin sortzen, gizartean baizik. Bat-batean konturatzen dira ez direla uste zuten bezain tontoak, edo uste baino gauza gehiago egiten dakitela ".
Gizarte-etxe batera joatea, gizarteren batean izena ematea... ahalduntze horretan lagun dezaketen ekintzak dira. "Hori ikusarazi behar da, eta belaunaldi berriek elkarrekin lan egin, adin honetan emakumeak aske izan daitezen eta bizitzaz goza dezaten", dio. Izan ere, joan den martxoaren 8an, aitona ahaldundu askok erabaki zuten jada greba egitea eta bilobak eskolara ibiltzera ez joatea. Aldaketa hasi da.