GASTEIZ - Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusi Malentxo Arruabarrenak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren LEPean (Lan Eskaintza Publikoa) izena emateko deialdia ireki eta egun batera, ELA sindiktuak deialdi horren zenbait alderdi azaldu eta salatu nahi izan ditu. Hasteko, sindikatutik salatu nahi izan dute 26 udalerrik “bere egiten dutela bere udaltzainen berrientzako gaur egun Ertzaintzan dagoen polizia eredua”.
Hau da, sindikatutik azaldu duten bezala, LEP honek alde nabarmena du aurreko deialdi guztiekin konparatuz. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak “aspalditik zuen helburua lortu du”, prozesu hau prozesu bakarra izango baita bai Ertzaintzarentzat, baita Udaltzaingoarentzat ere. Zehazki, hautaketa-prozesu horretan 700 plaza eskaintzen dira Ertzaintzarentzat, eta 111 plaza 26 udalen ezberdinentzat. Hala, prozesu hori bakarra izango da, azterketak gainditzen dituzten ikasleek erabakiko duteondoren ertzainak bihurtuko diren edo udaltzaingoak. Gauzak horrela, polizia sindikatuak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak, Ertzaintzaren egungo polizia-eredua Udaltzaingoarentzat zabaltzeaz gain, Ertzaintzaren prozesuetara aurkezten diren izangaien eskasia estaltzea ere lortzen du - “ateratzen diren lanpostu guztientzako hiritar gutxi aurkeztea ezkutatzen du”- eta, horrela, Segurtasun Saila ezartzen ari den polizia-ereduari buruzko “beharrezko” eztabaida “ekiditu” egiten du.
Honez gain, udal horiek Ertzaintzaren ereduarekin bat egiteko egin duten erabakia ez dela zuzena ere salatu nahi izan dute sindikatuko kideek. Izan ere, esaten dutenez, udalek ere jabetzen dira erabaki“txar” horretaz, “gure ordezkariei baieztatu baitiete eredu hori ez dela funtzionatzen ari”: “ELAk ere salatu nahi du udalerri hauek egiten duten hautua, nahiz eta udalerri hauetako askoz , gure ordezkariei azalerazi Segurtasun sailak bultzatzen duen ereduak ez duela funtzionatzen adierazi gero, Eusko Jaurlaritzari men egiten diete eta Udaltzaingo ezberdinak itolarrian dauzkate. Datu bezela aurreko EPE bateratuan baino 10 udalerri gutxiagok bat egin dute prozesu honekin eta 160 plaza gutxiago ateratzen dira nahiz eta gaur egun lanpostuen %25a bete gabe eta beteta dauden lanpostuen %30a behin behineko langileekin beteta egon”, diote kideek.
Ildo beretik, sindikatuaren esanetan, eredu horrek ez du eguneroko enpleguaren egoera prekarioa konpontzen, horrela ez baita enplegua sendotzen. “(Modelu honek) gainera, ez du udaltzaingo ezberdinetan egunerokoan bizitzen ari den enpleguaren egoera prekarioari irtenbiderik ematen. Demostratuta dago, eredu honekin ez dela lanpostuen egonkortasuna lortzen, kontrako bidea jorratzen baita prekarietatea larritu eta sistematizatuz”, diote. Izan ere, haien iritzia indartzeko, Abadiñoko egoera jartzen dute adibidetzat, eta azaltzen dute dauden bederatzi lanpostuetatik lau bete gabe daudela, eta prozesu horretan bakarra eskaintzen dela: “Adibide bezela, Zarautzen, 41 lanpostutatik, 10 hutsik daude eta 20 behin behineko langileak dira, eta EPE honetan, 30 hauetatik 7 besterik ez dira eskainiko. Edo Abadiñon, 9 lanpostuetatik 4 hutsik daude eta bat bakarra eskaintzen da”.
Legeak Azkenik, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari dagokionez legea ez dela betetzen ere salatu nahi izan dute sindikatu horretatik. Ohar batean azaldu dutenez, deialdi horretan Euskal Poliziaren Legearen 47. bis artikulua urratzen da, eta ez da emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna bermatzen. “Ez da betetzen Euskal Poliziari buruzko Legearen 47.bis artikulua. Horren arabera, emakumeek eta gizonek aukera berdinak izango dituztela bermatu nahi da; izan ere, nahiz eta plaza guztien% 25 emakumeentzat izan, ez da bermatzen toki-erakunde bakoitzean eta Ertzaintzan plazen %25 emakumeentzat izango denik, Poliziaren Legeak ezartzen duen moduan”, adierazi eta gaineratu dute: “Beste aldetik udalerrien konpetentziei erabat uko egiten dute gainera, udaletan, negoziazio kolektiborako eskubidearen urraketa larria ematen da langileen ordezkariekin asotasunik gabe onartuko baitute udalek EPE bateratura atxikitzea”.
Egunkari honek atzo azaldu zuen bezala, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusi Malentxo Arruabarrenak azaldu zuten atzo bertan zabalduko zela Ertzaintzaren 29. promozioko Lan Eskaintza Publikoan (LEP) izena emateko epea. Azterketak martxoan egingo dituzte, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian izangaien prestakuntza irailean hasiko da.
“Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketa onartu zenetik egingo den lehenengo deialdia da, eta, deialdiaren arabera, izena emateko epea otsailaren 5era arte egongo da zabalik”, azaldu zuten. Bestalde, ebazpenean ezartzen da deitutako plaza-kopurua handitu ahal izango dela, hautaketa-prozesua garatzen den bitartean, edozein arrazoirengatik, Udaltzaingoaren agente kategorian sortzen diren lanpostu hutsen arabera, kudeaketa-gomendioaren hitzarmena sinatu duten toki-korporazioetan.
Lehenengo hautaprobak (azterketa teorikoa eta psikoteknikoa) martxoan egitea aurreikusten da, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako formakuntza-ikastaroari 2020ko irailean ekingo litzaioke. Ikastaroa amaitu ondoren, Ertzaintzako eta udaltzaingoetako kredentzialak banatuko zaizkie izangaiei, eta karrerako fun-tzionario izendatu aurretik urtebeteko praktikaldia hasiko dute.
Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi dutenek EHAAn jasotzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, besteak beste, honakoak: nazionalitate espainiarra izatea; 18 urte izatea eta 38 urte bete gabe izatea; gizonek gutxienez 1,65 metroko garaiera izatea eta emakumeek 1,60koa; eta Batxilergoko titulua edo kidekoa, edo goragoko mailako beste edozein, izatea. Eskabideak eskuratu eta baldintzak begiratzeko Arkauteren webgunera jo daiteke: www.arkauteakademia.eus.