gASTEIZ - Gasteizko Gazte Komiteak grebara ateratzeko arrazoiak azaldu zituen atzo burututako agerraldian, Andra Mari Zuriaren enparantzako balkonadan. Dozenaka gazte inguru elkartu ziren bertan jazotako agerraldira.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako deitu zuen Greba Orokorra eta horren antolaketarako sortu zen Gazte Komitea, duela hilabete bat, auzoetako greba batzordeekin batera. Gasteizko gazteek atzo argi utzi zuten "grebara ateratzeko arrazoiak eta indarrak" dituztela eta hilabeteko lanaren ondoren Gazteok Ofentsibara dinamika aurkeztu zuten.
6 urte igaro dira Euskal Herrian krisi testuinguruan azken Greba Orokorra antolatu zenetik. Agerraldian azaldu zuten bezala, "momentu horretan etengabeko erasoak jasan genituen: negoziazio kolektibo eta lan erreformak, pentsioen murrizketak, zerbitzu publikoen pribatizazioak". Eraso horiei aurre egiteko "greba orokorrak antolatuz erantzun zuen langileriak". Dena den, gazteek adierazi zutenez desberdintasun sozialak geroz eta "handiagoak" egin dira eta "zaintza lanen banaketa desorekatuak pobrezia areagotu besterik ez du egiten". Egoera horren aurrean ez direla geldirik egon azpimarratu zuten: "Pentsionistek bi urtez borroka nekaezina eta etengabean gizartea mobilizatea lortu zuten. Mugimendu feministak bi greba eta eguneroko borrokaren ostean ertzean zeuden bizitza eta errealitateak lehen lerrora ekarri ditu".
Egoera ez dela ona aitortu zuten Gazte Komitetik, baina "historiak erakutsi digu gauzak aldatzeko bide bakarra borroka dela".
Egungo testuinguru sozioekonimikoan ematen ari den "prekarizazio orokortuak" gazteak "modu berezian" kolpatzen dituela nabarmendu zuten. Enplegu prekario askok "gazte aurpegia" dutela adierazi zuten. Gainera, Etxebizitza merkatuan ematen den "espekulazio geldiezinak" gazteen emantzipazioa oztopatzen dutela azaldu zuten. Hori gutxi balitz, gazteen lan baldintzen duintasun eza salatu zuten: "kontraturik gabe egiten dugu lanenplegu bat baino gehiago daukagu, lanaldi partzialak eta aldi baterakoak izaten ditugu". Horregatik, Komitetik gazteen egoera larritzat jo zuten: "Gazteak baldintza hauetan bizitzara ohitzen ari gara eta hau oso larria da".
Sistemak gazteak "desmobilizatuta eta atomizatuta" mantentzeko interes "berezia" daukala ohartarazi zuten. Bere proiektu "esplotatzaile eta txikitzaileak" aurrera eramateko ezinbestekoa zaiola "sistemari" gazteak desmobilizazio egoera horretan mantentzea, azaldu zuten atzoko agerraldian hitz egin zuten gazteek. Egoera "larri" horren aurrean, gazteak indibidualismoaren amua ez dutela irentsiko hitzeman zuten: "Greba honetan gazteria haserre eta prest dagoela erakutsiko dugu. Orainarekin erantzukizunez jokatuko dugu etorkizuna irabazteko".
"Urtarrilaren 30ean lan, bizi, eta pentsio duinen alde grebara aterako gara", eta Gasteizko gazteria grebara batzera eta "kaleak hartzera" gonbidatu zuten. - N.P.C.