GASTEIZ - Gero eta gehiago dira euskara ikasi nahi duten pertsonak eta horretarako euskaltegiek funtsezko funtzioa betetzen dute hirian euskararen erabilera hazten laguntzeko.
Asteartean Euskararen eguna ospatuko da. Zuei esker euskara dakien jende gehiago ospatzen du egun hau. Zuentzat ere oso garrantzitsua, ezta?
-Guretzat oso garrantzitsua da euskarak hiztun gehiago edukitzea, hori da gure eguneroko zeregina: atzo, gaur eta bihar. Abenduaren 3ko ospakizunek eta ekitaldiek toki gehiago ematen diote euskarari, pozgarria da, eta, era berean, euskara praktikatzeko ekitaldiak han eta hemen antolatzen dira. Hala ere, ezinbestekoa da urte osoko kontua izatea, egun sinboliko batean gera ez dadin.
Euskaltegiekin, Eusko Jaurlaritzarekin, aldundiekin eta udalekin ahalegin partekatua egiten duzue euskararen erabilera zabaltzeko.
-Horrela da: elkarrekin eta elkarlanean euskararen normalizazioan aurrerapauso eraginkorrak eman nahi ditugu. Guztion afera da, eta Gasteizeko KORRIKA bukaeran bertan, Maialen Lujanbiok zioen bezala: Norbanakoak egin. Herrimugimenduek eragin. Erakundeek eginarazi. Egin, eragin, eginarazi.
Duela hiru hilabete baino gutxiago hasi zen matrikulazio kanpaina berria. Zer moduz matrikulazio horiek?
-Onak izan dira; oraindik datu guztiak jaso eta ongi aztertu behar ditugu. Orain, eskuartean ditugunen arabera, azken urteotan izan da goranzko joerari eusten zaio. Oso interesgarria da.
Zenbat pertsonak ematen dute izena gehien, euskara ezer ez dakitenek edo euskara hobetu nahi dutenek?
-Biak hor daude: gure euskaltegietan, esate baterako, adina lagun apuntatu dira A0 eta B2 mailetan. C1 mailan (EGA zenaren parekoa) daudenak ere asko dira, baina, era berean, behe-mailetan (A1, A2) jende andana dabil. Azken urteotan, jende gutxiago zebilen hasierako mailetan, baina azken kanpainetan gure xedea izan da horietan eragitea eta ematen du lortzen ari garela.
Euskara perfekzionatu nahi duten pertsona askok ez dute euskaltegietan izena ematen prezioagatik. Zer esango zenieke pertsona horiei?
-Bat egiten dugu haien kezkarekin. Gure ardatz nagusietako bat izan da azken urteotan eta doakotasunaren aldeko lanarekin etengabe gabiltza. Esango diegu une honetan inoizko diru-laguntzarik handienak daudela euskara ikasteko, nahi ditugun aurrerapauso guztiak eman ez badira ere. Etor daitezela eta egoera ezagut dezatela, pentsatutakoa baino prezio baxuagoa aurkituko baitute.
Euskaraz ez dakiten pertsonek beti esaten dute hizkuntza hau oso zaila dela ikastea, beste hizkuntzak baino konplikatuagoa. Hain zaila da zuen ikasleentzat ere?
-Ez. Egunero ezetz erakusten digute. Jende asko gai da egunero euskaraz mintzatzeko: A0 mailan hasi, esate baterako, euskara erabiltzen ikasten dute, haien bizitzan erabiltzen saiatzen dira, eta hiztun aktibo bihurtzen dira. Egunero ikusten dugu.
Zenbat denbora daramazu zehazki karguan? Eta zer balorazio egiten duzu hilabete hauetaz?
-Urriaren 1ean hasi nintzen lan berri honetan. Ilusioz hartutako erronka da eta horrela aritzen naiz egunero. Balorazio bat egiteko oso goiz dela uste dut, baina asko ikasten ari naiz eta hori praktikara eramaten saiatuko naiz.
Zer balorazio egiten duzu Araba eta euskarari buruz?
-Euskararen normalizazioa ziztu bizian bizkortzen ari den lurraldea dugu, azken urteotan eragile guztiok nabarmendu dugun bezala.