Gasteiz - Talderik onena, familia lelopean ospatu zen atzo Kide Ugariko Familien IX. Euskal Kongresua, Hirukideren eskutik. Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egin zen eta 500 lagun, guraso zein haur, baino gehiagok izena eman zuten, kongresuan parte hartzeko.
Ekitaldiak nagusientzako egitaraua zein haurrentzako jolas, tailer eta jarduerak eskaini zituen. Kongresu honen protagonista nagusiak kirola eta familia izan ziren. Izan ere, kirolaren oinarrizko balioen inguruan hausnartu zen. Horretarako, diziplina ezberdinetako 6 kirolari batu zituen Hirukidek, kirolaren, balioen eta, batez ere, familiaren inguruan hitz egiteko. Beste aldetik, PFEZrentzako proposamen fiskal berria azaldu zen, Ignacio Marco Gardoquiren eskutik. Proposamen honek haurrak dituzten familientzako zerga-sistema justuago baten alde egiten du.
Goizeko 10.30etan hasierako ekitaldiari ekin zioten. Pablo Jesús Larrabide, Hirukide Arabako zuzendaria, Ramiro González, Arabako diputatu nagusia, Beatriz Artolazabal, Enplegu eta gizarte politiketako sailburua, eta Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea protagonista izan ziren eta Euskal Autonomi Erkidegoko demografiaren inguruan mintzatu ziren. Duela bi urteko kongresuan, hitzarmen baten beharra planteatu zuten. Gaur egun, hitzarmen hori sinatu da eta aurrera eramateko intentzioa dutela azaldu du Larrabidek: “Familia eta haurren aldeko euskal hitzarmena da hau. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren, hiru diputazioen eta euskal udalen eskutik konpromezua ezarri da familiaren inguruko politiketan irmoki aurrera egiteko”.
Bere aldetik, Artolazabalek bere kideak esandakoa nabarmentzeaz aparte, erantzukidetasunean eta kontziliazioan aurrera egitearen garrantzia azpimarratu zuen. Eusko Jaurlaritzak onartutako kontziliazio-dekretu berri baten eskutik, familiei zuzendutako babesa goraipatu zuen sailburuak, baita ahulagoak diren familiei bideratutako laguntzen %30ko igoera ere. Dekretu honen bitartez, berdintasunaren alde ere lan egin nahi dutela adierazi zuen Artozabalek. Demografiaren inguruan aritu ziren González eta Urtaran, “erronka demografikoaren” inguruan, bereziki. Gizarte baten etorkizunaren zailtasuna, zerbitzu publikoak mantentzearen zailtasuna eta landa-eremuan biztanleria mantentzearen zailtasuna aipatu zituen arabako diputatu nagusiak, jaiotze ezaren ondorio gisa. Hauei aurre egitea da haien xede nagusia.
Sarien banaketa Hasiera-emate ekitaldia amaitzerakoan, sarien banaketari ekin zioten. Sari hauen helburu nagusia haurrak dituzten familien ekarpena nabarmentzea zen, hala adierazi zuen Pilar Kaltzadak, kongresua aurkezten zuen kazetariak. Sariak hiru ohatze irudikatzen zituen, “ez dut uste beharrezkoa denik hau zer den azaltzea” esan zuen Kaltzadak irri artean. Ignacio Maria de Guineak, Hirukideko zuzendariak, sariak banatu zituen eta lehenengoa Nebot Bayano familiarentzako izan zen. Familia honek, hiru haur izanda, haien sei ilobak babestu eta zaintzea erabaki zuen. Izan ere, sei haur hauen gurasoak istripu batean hil ziren, pasa den urtean. Gaur egun, denak elkarrekin bizi dira kide ugariko “super” familia osatuz, zuzendariaren arabera. Beste saria Alfonso Gorroñogoitiarentzako izan zen, kide ugariko familia baten aita, aitona eta birraitona izanda eta Mondragon Kooperatibaren bultzatzaileetako bat. Pasa den irailean zendu zen Gorroñogoitia eta, bere izenean, bere semeetako bik jaso zuten saria.