otsailean hasi zen Jon Karla Bilbao laudioarrarentzat bere abenturarik izugarriena. Jorge Romeorekin batera Santiago bidea bete zuen Erromatik hasita, hartutako burmuineko gaitzaren inguruko kontzientzia zabaltzeko asmoz. Orain, ATECE Arabako kide eta boluntario hau Gasteizera hurbildu da gaitz honen inguruko ezagutza jendartearekin partekatzeko, baita bizitako esperientzia ere.

ATECE Arabak bere 25. urteurrena ospatzen dabil aurten. 1994. urtetik dabiltza bere boluntarioek kideekin lan egiten eta zenbait ekintzetan murgilduta. Izan ere, Euskadiko Traumatismo Kranioentzefalikoaren Elkarteak memoria eta eskulan tailerrak antolatzen ditu, baita oporretarako eta asteburuetarako programak ere.

Urteurrena ospatzeko, ostiralera arte argazki erakusketa bat dago ikusgai Villasuso Jauregian, 11.00etatik 13.30etara arte. Ostiralean, ordutegia 17.30etatik 20.30etara artekoa izango da. Bertan, Jon Karla eta Jorgeren bidaian zehar hartutako argazkiak daude, baita zenbait objektu ere. Txapelen eta zapatilen artean, bere osabak egindako makila bat aurki daiteke. Makila hau Santiagoko bidea egiten hasi zenetik berarekin joan da beti.

ATECE Arabako hamar kide egon ziren atzo erakusketa bisitatzen. Haien asmoa Jon Karlarekin egotea eta hark bizitako esperientzia guztiak entzutea zen. Oso interesgarria iruditu zitzaien berarekin hitz egindakoa. Gainera, argazkiekin liluratuta geratu ziren. “Argazki guztiak ditut gustoko”, zioen batek, beste batek bera bidea egin zueneko oroitzapenak buruan zituen bitartean.

Jon Karla Bilbaok bere istorioa kontatu zien. 2013an garuneko infartu bat izan zuen, eta horrek oxigenoa burmuinera ez heltzea eragin zion. Horregatik, BHGren diagnosia egin zioten medikuek. Pertsona bakoitzean eragin desberdinak ditu lesio honek. Jon Karlaren kasuan, memorian eragin zion, baina bestetan ere orekan edo ibiltzerako orduan kalteak sor ditzake.

Hau guztia hurrengo egunetan ospatuko diren ekitaldietan ere azalduko dute. Erakusketaz gain, ostiralean hitzaldi bat antolatu dute gai desberdinei buruz hitz egiteko. Nekane Nograrok, ATECE Arabakozuzendaritza batzordeko kideak, elkartearen egoeraren berri emango du, eta Jon Karla Bilbaok bere abenturari buruz mintzatuko da.

Urriaren 26an, larunbatean, hartutako burmuineko gaitzaren eguna ospatzen da. Horregatik, 10.00etan ibilaldi sinboliko bat egingo dute, El Prado parketik General Loma plazara arte.

11.00etatik 12.00etara arte, beste ekintza bat egongo da. Nire lekuan jarri izenarekin, gaitz hau pairatzen duten pertsonek hiritarrak gonbidatuko dituzte, zenbait dinamikekin, haien lekuan jartzera.

Hamabietan, manifestu bat irakurriko dute, ospakizunei amaiera emateko. Gainera, karpa bat egongo da Zuri ere gerta dakizuke. Edonori gerta dakioke leloarekin.

egoera ulertzea Argazki erakusketan Jon Karla Bilbao laudioarrarekin hitz egiten zeuden bitartean, ATECEko kideek gauza bat zeukaten argi. Haien esperientziak kontatzeko aukera eduki nahi dute, eskola eta institutuetan.

Horretaz aparte, jendeak haien egoera ulertzea nahiko lukete. Edonori gerta dakiokela gogorarazi zuten. Helburua lesio hau ezagutaraztea da. Izan ere, ATECEtik erakusketara bertaratu ziren kideei gertatu zitzaien, diagnosia egin zietenean, ez zekitela zer zen BHGa.

bidea Otsailean hasi zen bidean zehar, oroipen ugari jasotzen joan dira Jon Karla Bilbaok eta Jorge Romeok. Erroma eta Santiago banatzen dituzten 2.716 kilometroak hiruzpalau hilabetetan bete zituzten. Denbora horretan, Bilbaok hiru aldiz aldatu zituen zapatilak. Azken txanpan erabilitakoak erakusketan daude ikusgai.

Bidean zehar, argazkietan ikus daitekeenez, Laudioko eta beste herrietako jendearekin ibili ziren, haiek ikustera gerturatu zirelako, bidea egun batzuetan zehar partekatzeko. Jon Karla eta ATECE-rentzat, bizipen hauek betirako izango dira.