GASTEIZ -Bakardadea ez da lagun ona, eta adinekoetan are gutxiago. Arazo horri aurre egiteko, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plaza jendez bete zen atzo, adinekoen eguna ospatzeko prest. Accem GKEk isolamenduaren kontrako ekimen hori egin nahi izan du Arabako pertsona nagusiei garrantzia emateko. Ekintza horretara Gizarte politiken, Adinekoen eta Haurren saileko zinegotzi Jon Armentia ere hurbildu zen, eta adinekoentzako zentro soziokulturalek egindako lana goraipatu zuen. Zinegotziak adineko pertsona guztiak animatu zituen, esanez “orain momentu egokiena dela”, erretiroa hartuta, emozionalki bizitzan zehar egin ez dituzten gauzak egiteko.
Accemetik ere gizarteak bakardadearen kontra jo behar duela gogorazi zuten. “Desiratu gabeko bakardadea gero eta arazo handiagoa da gure gizartean, eta batez ere adineko emakumeengan eragiten du, bizi-itxaropen handiago baitute”, azaldu zuten. Bestaldetik, Accemetik aitortu zuten emakumeak direla desberdintasun sozialek gehien eragiten dietenak, baina zahartze aktiboa lortzeko eta norbere burua hobetzeko borondate handiago erakusten dute. “Elkarrekiko laguntza, auzotarren laguntza, kultur jarduerak edo ariketa ezberdinak, besteak beste, errezeta batzuk dira bakartasunari aurre egiteko”, adierazi zuten.
datuak INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera, Estatu mailako populazioaren %19,2a 65 urteko pertsonak dira; eta ehuneko hori %25,2ra hel daiteke. Bizi-itxaropena handitzeko asmoz, babes sozialerako sistemak eta osasun aurrerapenak arrakastatsuak dira, baina “gaur egun erronka berriak sortu dira”, azaldu zuten. Ildo horretan, zahartzaroan isolamenduari aurre egitea da erronka horietako bat; izan ere, bilatzen ez den bakardadeak “gorputza gaixotzen du”. Eskainitako datuen arabera, Estatuko emakumeen bizi-itxaropena 85,4 urtekoa da, eta gizonena, berriz, 80 urtekoa.
Bakarrik bizi eta sentitzen diren adineko pertsona askoren egunerokoan islatutako datu hauekin guztiekin, atzo hainbat lagun elkartu eta Gasteizko erdigunetik abiatu ziren Gu ere garrantzitsu lelopean. Izan ere, gero eta protagonismo gehiago eskatzen dute. “Nagusiak gara eta zuen laguntza behar dugu”, eta “Zuentzako beti prest egon gara denerako”, izan ziren aldarrikatutako esaldi batzuk. Miren Leiceagak, Accemeko arduradunak egunkari honetan azaldu zuen bezala, “pertsona guztiok egin dezakegu zerbait gure adineko pertsonen alde”. Esaterako, “gure erkidegoan, etxetik ia-ia ateratzen ez den hainbat lagun dago. Noizean behin berarekin harremanetan jartzeko bere etxera joango bagina, uste baino gehiago egingo genuke”, adierazi zuen. Horrekin nahikoa ez bada, eta adinekoak tristurarekin jarraitzen badu, kalera irtetzera animatzea idea ona izango litzateke.
Egungo egoera baloratzeko eta azaltzeko, atzoko ekitaldian agertoki bat prestatu zuten eta, pixkanaka, errealitatearen esperientziak eta bizipen ezberdinak kontatu nahi izan zituzten hainbat pertsona igo ziren. Horietako bat Txaro izan zen, adinekoen laguntzari garrantzia eman ziona. Zentzu honetan, Txarok esan zuen: “Gazteak garenean seme-alabengatik ahal dugun guztia egiten dugu, kanpoan lan egin, etxean dena prestatu,... nagusiak egiten garenean, bilobak zaintzen laguntzen dugu, eta dena maitasunez. Hala ere, batzuetan maite zaitut esaldia entzun behar dugu. Nire ustez, oso garrantzitsua da adin honetan egiten ditudan gauzak besteek ere baloratzea”.
Bere alboan Natividadek berdin pentsatzen zuen: “Batzuetan bakarrik sentitzen gara, ez gaituzte behar adina baloratzen zaharregiak garelako. Gazteak garenean gelditu gabe lan egiten dugu, eta adinekoak garenean, zer? Oso garrantzitsua da gauzak egitea eta zerbaiten zale izatea, depresioari aurre egiteko eta bakartasunari lepoa emateko”. “Kartetara jolastu, kalera irten, paseoak eman,... edozer gauzarekin ere konformatzen naiz pozik bizitzeko eta jendearekin harremanetan egoteko”.
gurutze gorria Zahartze-prozesuan adinekoen bizi-kalitatea hobetze aldera, Gurutze Gorriak hogeita hamar urte baino gehiago daramatza biztanleriaren sektore honetan bideratutako programak garatzen. Pertsona nagusien bizi-kalitatea hobetzea du helburu, eta horren ondorioz, orain arte hain nabarmenak ez ziren arlo berriak ere garatzen du, adibidez, autonomia pertsonala falta izatea.
Zehatz-mehatz, Gurutze Gorriak pertsona nagusiekin, gaur egun duen esku-hartzea honako hau da: autonomia pertsonalaren gaitasuna handitu eta hobetzea, funtzio kognitiboak mantendu eta hobe-tzea, bakardadea murriztea, eta ohitura osasungarriak hobetzea, besteak beste. “Adineko pertsonak zaindu eta babesten ditugu, baita adineko pertsonak zaintzen dituzten pertsonak zaindu eta babestu ere”, aitortu zuten.