gasteiz - Euskal Herriko Unibertsitateak euskara bultzatu nahi du, eta horretarako, euskararen markari buruzko ikerketa proiektu bat garatu du euskalgintzako eragileekin batera. UPV/EHUtik azaldu duten bezala: “Alor akademikoan, proiektu aitzindari eta berritzailea da, markaren kontzeptua hizkuntzen eremuan aplikatzen den lehen aldia delako”. Zentzu honetan, marka bat eraiki eta elikatzeko prozesuak gizarteko alor guztietara zabaltzen ari dela azaldu dute, “pertsonak, lurraldeak eta baita kultura jakinak ere marka gisa jorratzeko joera gero eta hedatuago baitago”.

Batzar bat egin zuten atzo honi buruz hitz egiteko eta bertan Jon Zaratek (UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko prestakuntzaren arloko errektoreordea); Estitxu Garaik (Ikerketa proiektuaren zuzendaria), Paul Bilbaok (Kontseiluko idazkari nagusia), Joxemari Sorsk (Elkar fundazioko lehendakaria); Olatz Olasok (Emuneko zuzendari orokorra), Bea Zabalondok (Berria taldeko presidentea); Jon Abrilek (Elhuyar fundazioko zuzendaria), Koldo Tellituk (Ikastolen elkarteko lehendakaria), Manuel Morenok (Euskaltzaleen topaguneko ordezkaria), Iñaki Urkijo (AEK-ko artezkarikidea) eta Josu Amezagak (Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea saileko zuzendaria eta Nor taldeko ikerlari nagusia) parte hartu zuten.

Behin markagintzaren jakintza teoriko eta praktikoak hizkuntzaren eremura ekarrita, UPV/EHUtik azaldu duten bezala “edozein hizkuntzatan baliagarria izan daitekeen eredua sortzea da asmoa”. Gainera, teknika kualitatibo eta kuantitatiboaz baliatuko direla gehitu dute eta “ikerketa hurrengo hilabeteetan egingo den makroinkesta batekin” amaituko dela azaldu dute. Ondoren, emaitzak lantzearekin batera, euskararen kasurako rebranding edo marka estrategia proposamena egingo dutela azaldu du Estitxu Garai proiektuaren zuzendariak.

Amaitzeko, ekimen berri honetako bultzatzaileek uste izan zuten proiektu honek bide berriak erakutsiko dituela euskararen erabilera bultzatzeko. “Euskara inguratzen duten narratibel eta euskarari lotutako asoziazio positiboek eragin zuzena izan dezakete berau erabiltzaile motibazioan”, azaldu zuten. “Izan ere, gero eta eleanitzagoak diren kendarteetan, komunikaziorako tresnak izateaz gain, hizkuntzek balio sinbolikoa hartzen dute”, gehitu zuten. Eta metafora batekin konparatu nahi izan zuten: “Hizkuntza bakoitza soineko jakin bat bihurtzen da, ezaugarri sinbolikoz jositako soineko. Euskararen soinekoa jantzita gure burua nola ikusten dugun eta nola sentiarazten gaituen, nola baldintzatzen duen soineko horrek besteek nola ikusiko gaituzten, horra hor proiektu honek landu asmo duena”.

lehen aldia. Proiektu berritzailea da, markaren kontzeptua hizkuntzen eremuan aplikatzen den lehen aldia delako.