gasteiz - Euskaraldiaren azken eguna da gaur. Hamaika eguneko ekimena abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera, amaituko den arren, milaka lagunek espero dute hizkuntza ohiturak aldatze prozesua mantentzea urteko 365 egunetan zehar. Parte-hartzaile askok euskarari eusten jarraituko dute, hizkuntza tinkoz, sendo eta irmo erabiltzeko asmoz.

Euskarak presentzia handiagoa izan du asteburu honetan Gasteizko alde zaharrean. Ostalariek nabaritu dute jende gehiago ibili dela tabernaz taberna euskaraz egiten, belarriprest eta ahobizi txapak soinean. “Este fin de semana hemos notado que han entrado muchos más clientes utilizando el euskera o llevando la chapa puesta. Pedían en euskera en la barra y yo, que aunque soy de Oñati no sé hablarlo, les respondía en castellano, y sin ningún problema para entendernos”, adierazi du Toloño tabernako arduradun Patxik.

Nahiz eta zerbitzari guztiek euskaraz egiten ez dakiten, askotan zerbitzariak erdaraz eta bezeroak euskaraz egin dute asteburuan zehar arazorik gabe ulertzeko? horiek dira elkarrizketa elebidunak. Euskaraldiari esker, euskaraz ulertu bai baina hitz egiten ez duten pertsonekin elkarrizketa elebidunak izan dira hainbeste Gasteizko taberna eta jatetxetan azken hamaika egunetan.

“Jende gehiago tabernara hurbildu da euskaraz eskatuz, batez ere, jende heldua. Baina nire ustez, esfortzu gehiago egin behar dugu hizkuntza erabiltzeko”, esan du Okendo tabernako zerbitzari Soniak. Euskaraldian zehar txapa gutxiago ikusi ditu espero baino.

Oso hurbil, Kutxi kalean bertan, lanean daude Zazpi jatetxeko zerbitzari Guru, Mikel, Magda, Mikel eta Iñigo. “Normalean taberna honetara euskaraz dakiten pertsona asko etortzen dira. Baina aste honetan jende gehiago hurbildu da belarriprest eta ahobizi txapak soinean”, adierazi du Iñigok.

Kale berean kokaturik dagoen Herriko jatetxeko zerbitzari Omar, Iker eta Davidek buru-belarri lan egin dute asteburuan beste lankide batzuekin batera hainbeste bezero zaintzeko. “Han venido muchos clientes este fin de semana hablando en euskera, tanto en la barra como en el comedor. Se ha notado que la iniciativa Euskaraldia está funcionando”, adierazi dute Herriko jatetxeko langileek. Taberna honetako zerbitzari batzuek ez dakite euskaraz egiten. Beraz, bezeroekin elkarrizketa elebidunak izan dira arazorik gabe, euskaraz eta erderaz aldi berean.

Handik metro eskas batzuetara, Jango jatetxea dago. “Hona bezero euskaldun asko etortzen dira, beraz normalean euskaraz egiten dugu”, nabarmendu du Jango jatetxeko arduradun Juanek. Bere kasuan, euskara ama hizkuntza da, Gipuzkoakoa da. Kliente askok galdetu diote zergatik belarriprest txapa soinean eramaten duen, eta ez ahobiziarena. “Hemen egoteko, barra atzean, ezin dut euskaraz egin beti, bezeroen arabera. Horregatik, belarriprest izatea aukeratu nuen. Hori bai, lehen hitza egiten dugu euskaraz, kaixo, zer moduz, zer nahi duzu,... esanez agurtzen dugu”, adierazi du Juanek. Bere ustetan, Euskaraldia oso positiboa eta ona da hizkuntza babesteko eta bultzatzeko.

SALBURUA ETA ABETXUKO Dozenaka bizilagun Salburuako gizarte etxera eta Abetxuko auzora hurbildu ziren atzo Euskararen Eguna ospatzeko. Salburuan arratsaldeko bostetan familientzako antzerkia izan zen; eta ondoren, txokolate beroa, kandelen mosaikoa eta bizilagunen argazkia egin zituzten. Euskaraldiaren baitan Abetxukon ere euskal jaia antolatu zuten. Gaur arratsaldean, Andre Maria Zuriaren plazan kandelen mosaiko erraldoia egingo dute, eta ondoren, Teantroko lagunekin kalejira animatuan Oihanederrera abiatuko dira.