Euskaraldiaren aitzakiaz, alde zaharrean bizi eta elkar ezagutzen ez genuen euskaltzale bat baino gehiago ibili gara elkarlanean batzordean. Lehen bileran, ariketa soziala Euskaraldiaren azalpentzat entzun nuenean, gure enegarren kizkurraren kizkurtzat hartu nuen. Adintxoaren ajeak izango dira puzker zaharren usaina gogokoagoa izatea puzker berriena baino. Euskaraldia azkenetan dagoen honetan, berriz, nago definizio egokia zela. Eta zenbakimaniak errorera eraman duela ariketa sozialaren tasuna. Alegia, kantitateak kalitatea jan. Lasterregi, ariketa soziala hasi baino lehen, sailkapenean Gipuzkoa nagusi zihoala berri eman ziguten. Bigarren lerroburuan ahobizi pila bat zeudela. Kexak ere entzun dira holako edo halako ahobizi ordez belarriprest egin delako. Niri kezka handiagoa sortu zidan nire inguruko batzuk ahobizi txaparekin ikusi nituenean. Gogoa eman zidan gogoratzeko instrukzio orriak ez duela ohekidea salbuesten ahobizien arteko hizkuntz-ohituretatik. Zergatik ez izan belarriprest? Ahobizi bati belarriprestek ez dio eragazpenik jartzen, hark beti beteko du adierazi duen rola, baina ahobizi askok ez dute beteko, eta okerrena dena, ez dute ondo irakurri eta horregatik ez dute ondo egingo ariketa soziala. Nik uste hurrengo Euskaraldian, ahobiziak beren borondatez datozela, eta belarriprestak arrantzatzera joan beharko genukeela soilik. Gure artean ahobiziok lehendik ere egiten genuen euskaraz; erronka nagusia zen, ulertu bai, baina batzuetan erdaraz egiten digun harekin, guk euskara erabiltzea.

Gasteiztarra, 43 urte, ahobizi