Gasteizen 700 mintzalagun inguru biltzen dira astero hiriko hainbat tabernatan. Astean behin. Ordubetez. Zertarako? Euskaraz hitz egiteko. Euskara ikasten ari diren lagunen ikasketa prozesuan Gasteizko taberna batzuek hartzen dute parte. Ikasturte honetan 16 taberna animatu dira Mintzalagun egitasmoarekin kolaboratzera, euskararen erabileraren normalizazioa eta Gasteizen euskaraz bizitzeko aukerak bultzatzeko asmoz. Hauexek dira Mintzalagun Tabernen sarea osatzen dutenak: Aldapa, Dazz, El Galeón, Gorbeia Bodegoia, Hala Bedi, Koxka, Kupela, Oasis, Parral, Querida María, Txinbo, Txistu, Urbeltz, Zurrupa, Itzala eta Alkartetxe. Taberna euskaldunek Mintzalagun egitasmoan parte hartzeko ekimena da. Zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna bermatzen dute, baita euskarazko hizkuntza paisaia ere.
erreferente izan 2007an GEU elkarteak, Gasteizko euskalgintzaren eta beste hainbat eragileren ekimenez, Gasteizko Mintzalaguna programa abian jarri zuen. Ordutik mintzalagunen kopurua modu adierazgarri batean handituz joan da. Mintzalagun taldeek non bildu eta zer egiteko askatasun osoa duten arren, gehiengo batek tabernetan elkartzea erabakitzen du. Mintzalagun taldeentzat erreferente izan daitezkeen taberna euskaldunak dira.
Proiektu honen helburua, hain zuzen, mintzalagunak biltzeko hautatu dituzten taberna horiekin elkarlana sustatzea da. Gasteizko mintzalagunak taberna horietara hurbiltzerakoan bermatua izango dute (ahal den neurrian) euskarazko zerbitzua eta hizkuntza paisaia. Honez gain, taberna horietan, ahal den heinean, Gasteizko Mintzalaguneko ekintza osagarriak antolatuko dira (euskarazko emanaldiak, hitzaldiak, kontzertuak...).
Era berean, mintzalagunen topagune izatea bilatzen duten tabernek parte har dezakete egitasmo honetan.