Gasteiz - Euskaltzaleen Topagunea eta Legutioko euskaltzale talde batek, Udalaren laguntzarekin, euskara eta Legutio ardatz izango dituen hausnarketa prozesu irekia antolatu dute hurrengo hilabeteetarako. Prozesua bi orduko hiru saioek osatuko dute, hirurak astegun, ordu eta leku berean, saiotik saiora hiru asteko tartearekin.
Euskaltzaleen Topaguneko bi teknikariek gidatuko dituzte saioak, horretarako egokia den parte hartze metodologia bat erabilita. Parte hartzaileak herriko hainbat arlo, adin, genero eta sentsibilitatekoak direla bermatzeko, euskaltzale taldeak 50 pertsona inguruko zerrenda osatu du horiei helburuak banan banan azaldu eta parte hartzera gonbidatzeko. Hala ere, proposamena irekia denez, hau da, interesa duten herritar guztiei zuzendua, eragileek parte hartzeko deialdia egite dute.
Jubilatuen egoitzan Saioen datak honako hauek izango dira: 1. saioa, urtarrilaren 18an antolatuko dute, osteguna; 2. saioa, otsailaren 8an izango da, osteguna; eta 3. saioa, martxoaren 1ean, osteguna. Saio guztiak jubilatuen egoitzan izango dira, 19.00etatik 21.00etara. Legution bizi diren eta euskararen egoeraren inguruko kezka, zalantzak, proposamenak, ideiak, gogoa,... dutenek horiek komentatu eta partekatzeko aukera izango dute saio horietan parte hartuta. - B. Martín