gasteiz - Gasteiz giro euskaldunean murgilduko da udan, eta euskaraz bizitzeko hainbat aukera eskainiko du. Eguraldi ona eta egun luzeak iritsi dira, eta haiekin batera baita udako ekintza osagarrien garaia ere. Aurten lau proposamen berri eskaintzen dituzte Gasteizko Mintzalagunak eta GEU elkarteak, guztiak hiriko txoko desberdinetan. Udako ekintza osagarriak uztailean egingo dituzte, bisita gidatuak dira gehienak. Natura disfrutatu eta ezagutzeko ekintzak egiteko aukera izango dute euskaldunek, baita Gasteiz ikuspuntu desberdin batetik ezagutzeko eta irudikatzeko aukera ere.
Hasteko, Olarizuko lorategi botanikora bisita gidatua antolatu dute bizikletaz. Gaur, uztailaren 4an, izango da 19.00etan Olarizun. Ez da bizikletarik eraman behar, ibilbidearen antolatzaileek jarriko dituzte eta.
Olarizuko lorategi botanikoko landare bizien bilduma nagusia Europako basoen zuhaiztia da. Eremu horrek 30 hektarea ditu, eta 523 zuhaitz, zuhaixka, sasitza eta landare igokarirentzako egokitu da; horiek guztiak, Europa kontinenteko baso nagusietako landaretza-mota garrantzitsuenak dira, esaterako, artelatzbasoak, sabina-basoak, hariztiak, izeidiak etab. Olarizuko aintzira (Europako ur-habitatekin loturako landareak ditu), orkideen eta geofitoen zelaiak eta Olarizuko behatokia ere han dira, eta arabar muinoetan eta kareharrizko harkaitzetan berezkoak diren landareak dituzte.
kultura alternatiboa “Gasteizko kultur alternatiboan barrena” bisita gidatua izango da beste udako ekintza osagarri bat. Uztailaren 6an, 19.00etan Oihanederretik hasita. Mapetan ageri ez dena ez omen da existitzen, horregatik Gasteizen kultura alternatiboaren story mapa osatu dute. Iñaki Landa proiektuaren sortzailearekin bisitatuko dituzte txoko hauetariko batzuk, Gasteizen, kulturaren alorrean mugitzen dena ezagutzeko.
Orainaldian proiektuak Gasteizko 80 toki ezberdinekin osatu du hiriko kultura alternatiboaren mapa. Hirian kulturaren alde lan egiten duten tokiak azaltzen ditu, eta eskuragarri dago Interneten. Story mapak interaktiboak dira, erabiltzaileek modu erraz eta intuitiboan jarraitzen dituztenak. Oinarrian, betiko mapak dira baina testu, argazki, bideo edo soinuekin eguneratuta daude.
Arte eta kulturgintzaren esparruan Euskal Herrian hiri baterako burutzen den lehen mapa da Gasteizkoa.
Bisita gidatua Iñaki Landa proiektuaren sortzailearekin izango da, eta mapan agertzen diren hainbat toki bisitatuko dituzte, adibidez, Baratza, arte eszenikoak sustatzen dituen tokia; 30 urteko historia duen Zuloa liburudenda; ARTgia sormenerako gunea; Oihaneder euskarazko kultura eta aisialdirako zentroa; eta Orbain Kultur Ekartea, punk, rock eta musika alternatiboa sustatzeko topagunea.
Beste aldetik, “Bat, bi, hiru” ilustrazio tailerra izango da uztailaren 12an, 19.00etan Florida parkean. Tailerraren helburua ez da marrazki polit bat egitea izango, baizik eta istorioak, emozioak edo ideiak komunikatzeko ilustrazioak sortzea. Materiala parte hartzaile bakoitzak etxetik ekarri beharko du: A-4 bozeto koadernoak eta arkatzak. Nahi izanez gero rotuak, rotringak, boliak, margoak, akuarelak, pintzelak? hiru kolore gehienez.
Eta bukatzeko, “Elikadura burujabetzaz mintzo” antolatuko dute uztailaren 19an, 19.00etan Abetxukoko udal hortuetan. BioAlai eta Bionekazaritzako kideen bitartez, Nekazaritza Ekologikoa, Agroekologia eta Elikadura Subiranotasunaren inguruko gogoetak jorratuko dira.
Izena emateko bidali mezu bat magirre@geuelkartea.eus helbidera honako datuok zehaztuz: izen-abizenak, helbide elektronikoa, telefono zenbakia eta zenbat sarrera nahi. Prezioa: bisita bat 5 euro, eta bisita guztiak 15 euro.
GEU txosna, aukeratu txanda! Aurten ere Gasteizko jaiak euskalduntzeko asmoz GEU elkarteak txosna jarriko du Aihotz plazan. Abuztuaren 2tik 9ra 200 lagun inguru behar dira txosnan lagun-tzeko: sukalde lanetan, bokatak prestatzen, dekorazio lanetan edota barran poteak jartzen. Iaz 240 lagun izan ziren txandak egiten. Aurten egun gutxiago izango dira, 2tik 9ra, baina jende asko beharko dute ere.
GEU Txosnari GEUre Sariarekin batera emango diote hasiera, abuztuaren 2an, 19.00etan. Beste behin ere txosnan Gasteizko jaietan euskara edateko eta jateko (pintxoak eta bokatak) parada eskainiko dute Aihotz plazan Gasteizko jaietan euskararen presen-tzia areagotzeko asmoz.
Eta zertarako joango dira euskaldunak azken urteetan euskarazko eskaintzaren erdigune honetara? Euskara praktikatzeko, euskaraz ligatzeko, euskaraz edateko, euskaraz gozatzeko, euskaraz dantza-tzeko? Jaiak euskaraz bizitzeko!!
Gainera, aurten laugarren urtea da Heldu Buruari saria ematen dutela. Lehenengoan, Pako Eizagirre irakasleari eman zioten; orain dela bi urte, Geurekin Mendira taldeari, eta iaz, Iban Zaldua idazlea saritu zuen GEU elkarteak, azken 16 urteotan Gasteizko Irakurle Kluba antolatu duelako.
Lorategi botanikora bisita gidatua bizikletaz. Gaur, uztailak 4, 19.00etan Olarizun. Ez da bizikletarik eraman behar, ibilbidearen antolatzaileek jarriko dituzte eta.
“Gasteizko kultur alternatiboan barrena”. Uztailak 6, osteguna, 19.00etan Oihanederretik hasita. Mapetan ageri ez dena ez omen da existitzen, horregatik Gasteizen kultura alternatiboaren ‘story mapa’ osatu dute. Iñaki Landa proiektuaren sortzailearekin bisitatuko dituzte txoko hauetariko batzuk, Gasteizen, kulturaren alorrean mugitzen dena ezagutzeko.
“Bat, bi, hiru” ilustrazio tailerra. Uztailak 12, asteazkena, 19.00etan Florida parkean. Tailerraren helburua ez da marrazki polit bat egitea izango, baizik eta istorioak, emozioak edo ideiak komunikatzeko edo kontatzeko ilustrazioak sortzea.
“Elikadura burujabetzaz mintzo”. Uztailak 19, asteazkena, 19.00etan Abetxukoko udal hortuetan. BioAlai eta Bionekazari-tzako kideen bitartez, Nekazari-tza Ekologikoa, Agroekologia eta Elikadura Subiranotasunaren inguruko gogoetak jorratuko dira.
Abuztuaren 2tik 9ra. Beste behin ere GEU txosnan Gasteizko jaietan edateko eta jateko parada eskainiko dute Aihotz plazan, jaietan euskararen presentzia areagotzeko asmoz.