Araban gero eta enpresa gehiago ari dira euskara euren eguneroko kudeaketan barneratzen, bezeroekiko zein hornitzaileekiko harremanetan erabiltzen, hizkuntza paisaian, barrura eta kanpora begira. Hor daude, esate baterako, Bai Euskarari Ziurtagiria edo Bikain agiria duten enpresak eta euskara plana dutenak. Azken 20 urteotan Arabako gizartea izugarri eraldatu da euskarari dagokionez. Badira zenbait gauza aldatu direnak. Bai hezkuntzan, bai kalean eraldatzen eta moldatzen joan diren heinean, enpresa munduan ez dute pausurik eman oraindik. Gaur egun, Araban 150 enpresa inguru ari dira euskara-kontuekin lan egiten.

Aldaketak ari dira ematen eta, pixkanaka, euskara sustatzeak eta erabiltzeak ekar ditzakeen onurez ari dira jabetzen alor sozioekonomikoan. Zentzu horretan, orain dela aste batzuk Araban Euskara Lanean izeneko world coffee-a jarri zuten martxan Arabako zenbait erakunde, elkarte eta enpresak, arlo sozioekonomikoan euskararen erabileran eragiteko. Arabako enpresekin euskarak lanean duen egoeraren azterketa partekatu eta euskaraz lanean ari diren erakundeen premiak eta balorazioak jasotzea izan da helburua.

Ekimen hau bultzatzeko oso talde zeharkakoa lortu dute. Ikuspuntu ezberdin asko partekatzeko asmoz, enpresa eta erakunde ezberdinak bildu dira mahai baten inguruan, Artepan eta EGA Master, besteak beste. EGA Master enpresari dagokionez, espezialitate handiko segurtasun-tresnak eta goi mailako kalitatezko esku-tresna diseinatu eta fabrikatzen ditu industrian erabiltzeko. Gaur egun 150 herrialdetan saltzen ditu esku-tresnak.

ega master Izarne Quijano Perez EGA Master enpresaren Marketing sailaren arduraduna da. Berak azaldu duenez, naturaltasun osoz hasi zen haien euskarekiko harremana. “Enpresaren sortzailea euskalduna da. Zuzendaritzan dauden bere bi semeak ere bai, eta beraien arteko harreman profesionala ere beti euskaraz izan da. Enpresako beste langile euskaldunekin harremana euskaraz egin ohi izan da. Eta hori abiapuntu moduan hartuta, euskalduntze sistema ezarri genuen”. Beraz, hasieratik euskararen presentzia izan da haien enpresan, ahaztu gabe EGA Masterren sorrera internazionala izan zen, erabaki estratejikoa. Izarne Quijanoren arabera, “ahalik eta herrialde gehienetan egotea, ahalik eta azkarren”.

Horregatik, EGA Masterren balore garrantzitsuen artean, ahal den heinean, bezeroak beraien ama hizkuntzan serbitzatzea da. “Beraien barne gogoetak ondo ulertzeko baliabiderik onena da eta”. Gaur egun, hogei hizkuntza hitz egiten dute EGA Masterren.

“Nahiz eta herrialde euskaldunak EGA Masterren merkatuaren %1 baino gutxiago izan, argi izan dugu beti gure herrialdeko hizkuntza ofizialaz gain, gure baloreen artean sustrai sakonak dituen elementua dela edozein hizkuntza, eta kasu honetan, garrantzi sentimentala duena”.

Hori esanda, aurrerapausu handiena eginda zegoen, eta enpresak dituen erlazio guztiak euskaraz egin ahal izateko sistema ezartzea besterik ez zen gelditzen.

Behar den arlo guztietan euskara erabiltzen dute EGA Master enpresaren langileek. Marketing sailaren arduradunak esan duen bezala, gaur egun enpresako edozein sailetan harremanak euskaraz izateko eskatzen duen orok hizkuntza horretan jasoko du harremana: bezeroekin, hornitzaileekin, erakundeekin, eta barne sail guztiekin.

KOMUNIKAZIOA HOBETUZ Euskarari esker EGA Masterrek lortutako ekarpenei dagokienez, emaitza ekonomikoen aldetik ez dira oso esanguratsuak, izan ere, euskal merkatua %1 baino txikiagoa delako. Baina Izarne Quijano arduradunak azaldu duenez, harremanak norberaren hizkuntzan izateko gai izateak onurak dakartza harreman guztietan, adierazi nahi dena hobe adierazten delako, eta beraz komunikazioa hobetzen da, horrek dakarren abantaila argiarekin.

Araban Euskara Lanean izeneko world coffee-an parte hartu ondoren, EGA Masterren arduradunak adierazi du lan handia egiten ari direla euskararen normalizaziora saltoa emateko. Bere iritziz, espazioak euskalduntzea estrategikoa da hizkuntza batean normaltasunez bizi ahal izateko, eta garrantzitsua da lan mundua euskalduntzeari begira zeresana duten aktoreak ezagutzea. “Ideia oso polita da, eta aurrera joan ahal izateko guztion arteko elkarlana, osagarritasuna eta laguntza guztiz beharrezkoak dira”.

EGA Masterren argi daukate etorkizunean euskarekiko harremana hedatuko dutela enpresan.

artepan Bide berean ari da lanean Artepan, 1983an sortutako artisau-okindegi eta gozotegia. Gauzak egiteko era tradizional baten oinordeko sentitzen dira, eta ogiaren benetako balioa berreskuratu eta areagotu nahi dute. Hizkuntzari dagokionez, Arabako enpresa munduan euskara sustatzeko gogo handia dagoela susmatzen da eta Artepan adibide ona da oso. Betidanik izan dute harreman estua euskararekin. 2009 urtean Artez enpresarekin lanean hasi ziren eta euskararen erabileraren normalizazio plan bat ezartzeari ekin zioten. Haien arduradunek argitu dutenez, Artepanen euskara hedatzea erabaki zuten alde batetik gustuko dutelako eta, bestetik, eskaintzen duten zerbitzua osoagoa izan dadin nahi dutelako.

Artisau-okindegi eta gozotegi honetan edozein arlotan erabiltzen dute euskara, besteak beste, komunikazioetan, dokumentazioan, haien karteletan eta bezeroekiko zein hornitzaileekiko harremanetan.

hurbiltasuna Hainbeste ekarpen lortu dute euskarari esker. Zehazki, arduradunen iritziz, jendeari nahi duen zerbitzua hurbiltasunez ematea da haien helburua eta, enpresa mailan, langileei prestakuntza zabaltzeko aukera eskaini nahi diete, baita euskaldunei euskara erabiltzeko aukera ematea ere.

World coffee-an parte hartu ondoren, enpresaren arduradunei ekimen ona iruditu zaie, ideia eta forma ezberdinak komunean jarriz euskara normalizatzeko estrategia ezberdinak lor ditzaketelako. Etorkizunari dagokionez, euskarekiko harremana hedatuko dute enpresan. Artepan badabil dagoeneko euskara ezartzeko lanean, eta bide horretatik jarraituko dute.