Gasteiz ? En Tol Sarmiento talde arabarra izan da Araba Euskaraz jairako abestia egin duena. Doinu dantzagarriaz eta jaiaren leloari jarraituz, Piztu euskara izena du abestia. Bideoklipa ere Oiongo San Bizente ikastolako ikasleekin grabatu dute. Oraingo honetan Araba Euskaraz San Bizente ikastolak antolatu arren Gasteizen ospatuko da. E.T.S. taldearen abeslari eta gitarrista den Iñigo Etxezarretarekin elkartu gara.
Non, noiz eta nola jaio zen En Tol Sarmiento?
?E.T.S. Iekoran (Arabar Errioxa) sortu zen 2005. urtean. Taldearen egitura hasieran bi gitarra eta bateria osatuta zegoen. 18 urte baino gutxiagoko 3 pertsonek osatzen genuen musikaren inguruan inongo ideiarik gabe. Punk-rock abestiak bertsionatzen hasi ginen: Kaotiko, La Polla Récords, Kortatu, Piperrak edo Reindicentes besteak beste, abesti propioak konposatzen hasi arte.
Zer nolako musika egiten duzue orain?
?3 edo 4 urte egon ginen punk-rocka egiten baina gero gure bidean tronpetista bat ezagutu genuen, ez da oraingoa, eta berarekin batera doinu dantzagarriagoak egitea erabaki genuen. Pixkanaka ska-rocka egiten hasi ginen baina taldearen hainbat aldaketa jasan ditugu azken urteetan. Orain badaramagu dagoeneko lau urte tronpetista eta tronboi jolearekin eta argi daukagu gure musika punk-rock-ska dela.
Abesti batzuk euskaraz abesten dituzue baina taldeko denak ez zarete Euskal Herrikoak ez?
?Ez, taldeko osaketan extremadurar bat eta Najerako beste bat ditugu. Egia da taldeak erdaraz abesten zuela gehiago hasiera batean baina lehenengo diskoan hiru abesti daude euskaraz eginda. Hasiera batean ni izan nintzen euskaraz abestearen ideia zabaldu zuena. Egia da gure errealitatea ez zela pentsatu zitekeela baina partaideak beti egon dira ados eta taldeak izan duen bilakaera eta harrera onagatik Euskal Herrian, taldea modu natural batean hasi zen euskaraz abesten. Nolabait Arabar Errioxako euskara defendatu nahi izan dugu beti. Taldekideek ez dakite euskara, ni ez ezik, eta guztiok abesten dugu. Beraiek batzuetan buruz ikasten dute abestia baina egia da taldekide gehienak euskaltegitik pasa izan direla.
Zer da zuentzat Araba Euskaraz ekitaldian parte hartzea?
?Horrelako jaialdian jotzea eta hainbeste jendearen aurrean jotzea oso polita da. Araba Euskaraz ekitaldian jo izan dugu beste urteetan ere baina oraingo honetan abestia egin dugunez desberdina da, beste ikuspuntu bat dugu. Urte oso bat daramagu lanean eta gogo askorekin gaude.
Zer nahi diozue eman festari?
?Eguneko jaia denez eta ekitaldi alaia denez, gure aldetik ziur gaude guztia emango dugula eta jendearen erantzun berdina izatea espero dugu. Araba Euskarazen abestia Arabar Errioxako talde batek egitea eta taldekide gehienek ia euskaraz hitz egin gabe abestea meritua da. Nolabait ere Euskal Herriari erakutsi nahi diogu ahal dela eta askotan ikusten ditugun trabak edo beldurrak gainditu ahal direla.
Leloarekin bat eginez Piztu Euskara izena jarri diozue abestiari, zein da zuentzat abestiaren mezua?
?Mezu bat bakarra ez dakit dagoen baina letrak dioen bezala: hauspoaren eraginez piztuko dugu euskara. Eta honekin zonaldean itzalita dagoen hizkuntza piztea nahi dugula esango nuke izango zela abestiaren mezua.
Nola ikusten duzue euskararen egoera Oionen?
?Zaila. Hala ere, ni gaztea nintzenean gehiago kostatzen zen euskaraz hitz egitea baina orain gazteen artean euskaraz hitz egiten dute. Ikusten da ere jendeak ez duela hainbesteko aurreiritzirik.
Zer falta da euskarari bultzakada bat emateko?
?Lotsa galtzea. Betidanik erdaraz hitz egiten duzun pertsona batekin jarrera aldatzea eta pixkanaka lotsa hori galtzea eta euskaraz aritzea. Kalean erabiltzen hastea...
Uda festa sasoia izanda, kontzerturik ba al duzue aurreikusita?
?Pare bat urte daramatzagu kontzertu askorekin, 35 urtero, eta aurten pixka bat gelditu nahi gara. Diska berria nahi dugu prestatu eta horretarako denbora behar da, beraz, aurtengo uda pixka bat lasaiagoa izatea erabaki dugu. Hala ere, hamar kontzertu inguru egingo ditugu Gipuzkoan, Araban eta Iparralden.