Gasteizen 650 mintzalagun inguru biltzen dira astero hiriko hainbat tabernatan. Astean behin. Ordubetez. Taberna batean. Zertarako? Euskaraz hitz egiteko kafesnea edaten duten bitartean. Euskara ikasten ari diren lagunen ikasketa prozesuan Gasteizko taberna batzuek parte hartzen dute. 26 taberna animatu dira aurten Mintzalagun egitasmoarekin kolaboratzera, euskararen erabileraren normalizazioa eta Gasteizen euskaraz bizitzeko aukerak bultzatzeko asmoz. Mintzalagun taldeentzat erreferente izan daitezkeen taberna euskaldunak dira.
2007an GEU elkarteak, Gasteizko euskalgintzaren eta beste hainbat eragileren ekimenez, Gasteizko Mintzalaguna programa abian jarri zuen. Ordutik mintzalagunen kopurua modu adierazgarri batean handituz joan da. Talde hauek non bildu eta zer egiteko askatasun osoa duten arren, gehiengo batek tabernetan elkartzea erabakitzen du.
Ostalaritzan asko dira kafea euskaraz eskatzen dituzten bezeroak. Eta tabernari askok euskaraz eskatutakoa ulertzen dute arazorik gabe.
Mintzapraktika egiteko programak Mintzalagun tabernak egitasmoa eskaintzen du. Proiektu honen helburua, hain zuzen, mintzalagunek biltzeko hautatu dituzten taberna horiekin elkarlana sustatzea da. Era berean, mintzalagunen topagune izatea bilatzen duten tabernek parte har dezakete egitasmo honetan, Gasteizen euskara landu nahi duten lagunek euskara praktikatzeko leku atseginak topa dezaten.
Mintzalagun taberna izateko zerbitzua (beti edo gehienetan) euskaraz emateko gaitasuna izan behar du tabernak. Era berean, hizkuntz paisaia euskaratzeko konpromisoa hartu behar da. Halaber, Mintzalagun Tabernen sarea Gasteizko mapan kokatu eta mintzalagun, euskaldun eta euskaltzaleen artean iragarriko da. Eta gainera, egitasmoan parte hartzen duten tabernek Mintzalagun Taberna kartela eta pegatina jasoko dituzte.
Iñaki Lazkano arduradunak adierazi du 26 taberna animatu direla aurten Mintzalagun egitasmoarekin kolaboratzera. “Iaz 13 izan ziren, esperientzia piloto bezala hartu genuen, eta aurten Gasteiz osora zabaldu nahi izan dugu. Iazko zazpik errepikatuko dute, eta 19 taberna berri lotu ditugu”. Taberna hauek zer eskaintzen diete mintzalagun taldeei? Batez ere “harrera” euskalduna. Alde batetik, euskararen aldeko jarrera dutelako: prentsa euskalduna, kartelak, menuak, etab... euskaraz. Eta bestetik, tabernako zerbitzari guztiek edo batzuek euskaraz hitz egiten dutelako. “Zaila da taberna batean zerbiztari guztiek euskaraz hitz egitea, baina aukeratu ditugun tabernetan askok egiten dute”, adierazi du Iñaki Lazkanok. Horrez gain, hainbat tabernatan ekitaldiak ere antolatuko dituzte: hitzaldiak, musika emanaldiak, erakusketak...
gasteizko auzo gehienetan Bai Euskarari ziurtagiria lortze bidean edo lortu duten tabernengana jo dute Mintzalagun egitasmoaren arduradunek, eta ekimen honetan ere parte hartzen dute.
Mintzalagun taberna gehienak Alde Zaharrean daude (11 taberna). Baina Gasteizko auzo gehienetara heltzea lortu dute. Aurten ahalegindu dira auzo bakoitzean Mintzalagun taberna bat izaten eta horrela, auzo ezberdinetako mintzalagunei euren auzoan bertan eskaini diete biltzeko toki bat.
Salbura, Zabalgana, Lakua, Errota, Adurtza, Pilar, Ariznabarra, Judimendi eta Babesgabeak auzoetara ere iritsi dira. “Bertako taberna euskaltzaleak identifikatu eta gure ekimenean parte hartzera gonbidatu ditugu, erantzuna oso positiboa izan da”. Bete behar duten baldintza bakarra euskarekiko jarrera ona eta aktiboa izatea da.
Horrez gain, saiatzen dira eseri ahal izateko lekuak izatea: tabernaren zati batean mahaiak eta lasaitasuna badago hobe. Gasteizko mintzalagunak taberna hauetara hurbiltzerakoan bermatua izango dute, ahal den neurrian, euskarazko zerbitzua eta euskalduna den hizkuntz paisaia. Eta taberna horietan, ahal den heinean, Gasteizko Mintzalaguneko ekintza osagarriak antolatuko dira (euskarazko emanaldiak, hitzaldiak, kontzertuak...)
konplexuak gainditu Tabernariei bezeroari lehen hitza euskaraz egiteko eskaera egiten diete Gasteizko herritar batzuek. Euskaraz duten gaitasuna txikia bada ere, euskarari lehentasuna ematen saiatzen dira. Adituen arabera, bezeroa tabernara sartzen denean, euskaraz eska dezakeela sentitu behar du, eta tabernariak horretarako bidea eman behar dio, batez ere, euskaldunek konplexuak gainditzeko asmoz.
Nahi duten ikasleek ikasturtean zehar tarteka solaskide boluntario batekin geratu eta euskaraz jarduteko aukera izaten dute Mintzalaguna egitasmoari esker.
Mintzapraktika programek garapen izugarria izan dute Euskal Herri osoan, azken sei urteetan laukoiztu egin da parte hartzea.
Azken datuen arabera (2012/2013 ikasturte hasieran bildutako datuak dira), 5.487 mintzalagun daude Euskal Herri osoan (Bizkaian 2.310, Gipuzkoan 1.407, Araban 970, Nafarroan 774, Iparraldean 38).
Esaterako, Gasteizen bertan 650 lagun baino gehiago ari da asteroko dinamika horretan parte hartzen. Araban azken bizpahiru urteotan mintzapraktika egitasmoak asko zabaldu dira. Ordutik hona mintzalagunen kopurua modu esanguratsu batean handituz joan da. Horrela, lehenengo urtean parte hartu zuten 227 lagunak biderkatu egin dira, eta 2013-2014 ikasturtean 650 hiritar bildu dira.
Euskararen inguruko azken inkestek Araban ezagutza maila nabarmen igo dela diote, ez ordea erabilera. Lagun askok ez daukate hizkuntza praktikatzeko aukerarik bere ingurua erdalduna delako.
Azken datuen arabera, EAEko biztanleen %36,4k ongi daki euskaraz, duela 30 urte %22 zirenean. Duela 30 urte herritarren bi heren ziren euskaraz tutik ere ez zekitenak, eta gaur egun %44 dira erdaldun hutsak. Euskaldunen %57,8 euskaldun zaharrak dira, eta %42,2 euskaldun berriak dira.
EAEko gazteen %70ek ongi dakite euskaraz; baina oro har etxeko erabilera jaitsi egin da. 20 urtetik beherakoen artean, %70 baino gehiago dira euskaldunak, eta duela 30 urte ez ziren %20ra iristen. Arabari dagokionez, gasteiztarren %15,5 elebidunak dira; eta kopurua izugarri handitzen da 5 eta 30 urte arteko biztanleen artean, %50 gaindituz. Gaur egun, gasteiztar askorentzat gaztelerak segitzen du izaten hizkuntza eta errealitate bakarra: gasteiztarren % 93,1ek gaztelania erabiltzen du etxean; % 1,9k euskara.