Iurretako Udalak guztira udalerriko bost bide publiko konpondu eta egokituko ditu, eta horietako batean abiadura murrizteko sistema bat jarriko du. Egokitu nahi diren bideak baserrietara eta nekazaritza eta abeltzaintza intentsitate handiko landa-eremuetara iristeko bideak dira: Goiuria (Agirretxebarria), Arriandi (Telleriaetxebarria eta Telleria) eta beste bi San Andresen (Kukutzaetxebarria eta Kukutzazarra).
Gaur egun, bide horiek kontserbazio-egoera txarrean daude, eta zaildu egiten dute pertsonen zein ibilgailuen ohiko joan-etorria, nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerak normaltasunez garatzea, eta eremu horietan aisialdia egitea ere.
Bestalde, Arriandiko industrialdean dagoen bosgarren bide batean (Eubabaso), ibilgailu askoren ohiko joan-etorria da eta batzuetan abiadura handian ibiltzen dira, bertatik igarotzen diren pertsonentzat arriskua sortuz. Horregatik, inguruan trafikoa berrantolatzeaz gain, abiadura- murriztaile bat jarriko da.
Guztira, bide publiko horiek konpontzeko zehazki 48.272,67 euro erabiliko dira, eta obrek bi hilabeteko epea dute. Horrekin, zoruaren ertzak eta azalera garbitu, fresatu eta nahasketa bituminosoa beroan aplikatuko dira, eta Arriandin abiadura- murriztailea instalatzea ahalbidetuko dute.
BESTE GAI BATZUK
Bestalde, beste gai batzuekin jarraituz, Pediatriako erizainek Barakaldoko Zaballako Osasun Zentroan haurrendako elikadura osagarriari buruzko tailerrak eman dizkie 5 eta 7 hilabete bitarteko bularreko haurrak dituzten 200 familia baino gehiagori, esneaz gain, elikagaiak ematen hasteari buruzko jarraibideak emanez.
Osakidetzak azaldu duenez, bi orduko saioak izaten dira, eta horietan, elikadura osagarriarekin noiz eta nola hasteko jarraibideak ematen dira. Teknika profesional ezberdinei buruzko informazioa ematen dute: teknika tradizionala, Baby-Led Weaning (BLW) edo mistoa, familiek hobekien datorkiena aukera dezaten. Jaterakoan eztarrian elikagaien bat trabatuz gero egin beharreko maniobrak azaltzen dituzte ere, eta panpinekin praktikatzeko aukera dago.