astero bi irabazle egoten dira

Euskal munduari buruzko tribiala

'Egunean behin’ aplikazioak 50.000 galdera inguru ditu eta erabiltzaileek egunean hamar galdera erantzun behar dituzte igandero banatzen dituzten sariak eskuratu ahal izateko

17.12.2019 | 14:47
Iker Martínez de Agirre eta Bittor Poza, ‘Egunean behin’ aplikazioaren garatzaileak, CodeSyntax enpresan.

'Egunean behin’ aplikazioak 50.000 galdera inguru ditu 

Euskal kulturan oinarri-tzen den tribial jokoa da Egunean behin mugikorreko aplikazioa. 21.000 erabiltzaile aktibo lortu ditu oraintsu eta jokalari horien artean astero sariak banatzen ditu aplikazioaren sortzaile eta garatzaile den CodeSyntax enpresa eibartarrak. Aplikazioa android eta iPhone sistemetan dago eskuragarri.

Jokoa egiteko ideia orain dela urtebete pasatxo sortu zen. "Tribial joko bat egiteko ideia otu zitzaigun, gehienbat euskaraz izango zena, euskal munduan oinarrituta", azaldu du Iker Martínez de Agirrek, aplikazioaren garatzaileetako batek. Lantaldea bost pertsonaz osatuta dago: hiru garatzaile lanetan aritzen dira eta bik galderak kudeatzen dituzte.

50.000 galdera inguru ditu jokoak, baina gehiago sortzen ari dira. Galderak modu desberdinetan garatu dituzte. Alde batetik, modu automatikoan sortu dituzte batzuk, zenbait webgunek dituzten datu baseetatik hartuta: Wikipediatik edo, modu automatikoan, Twitterretik galderak sortuta. Bestalde, jada aktibo ez dagoen Panoramio izeneko webgunetik eskuratu zituzten hamaika tokitako argazkiak eta hortik datoz ze leku da hau? edo mota horretako galderak. Baina aplikazioak baditu enpresako langileek eskuz sortutako galderak ere. "Gaurkotasunari buruzko galderak egotea ere garrantzitsua da", nabarmendu du Martínez de Agirrek.

Jokoak galdera sorta zabala du, izan ere, 50 kategoriatan sailkatuta daude. Euskal kultura, literatura, musika, famatuak, lekuak, kirola, geografia edo esaerak dira horietako batzuk. Etengabe garatzen dute aplikazioa eta, beraz, egon daitezkeen arazoak behin eta berriz an-tzematen dituzte ahalik eta azkarren konpondu ahal izateko. Aplikazioa bi astean behin eguneratzen dute.

sariak Jokalariek egunean behin hamar galdera erantzun behar dituzte ahalik eta azkarren eta igande gauetan sariak banatzen dituzte aplikazioaren sortzaileek. "Sari bat puntu gehien lortzen dituenaren-tzat izaten da eta bestea zozketa bidez aukeratzen dugu aste osoan egunero jokatu duen jendearen artean", adierazi du jokoaren garatzaileak. Orain arte, denetariko sariak banatu izan dituzte, adibidez, Gure Esku Dagoren arropa sortak, Jokoteknia euskarazko bideojokoen jardunaldietako produktuak, aste-bukaera pasak edo antzezlanetarako sarrerak, beste sari askoren artean.

Hasieran, CodeSyntax enpresa hasi zen beste enpresa eta elkarteen ateak jo eta sarietarako kolabora-tzaileak bilatzen. Orain, ordea, aplikazioak ospea irabazi du eta enpresek edo elkarteek nahi izaten dute jokoaren parte izan. "Jokoak zabalkunde handiagoa daukan heinean, jendea guregana etortzen hasi da milaka pertsona sartzen diren aplikazio batean euren irudia publikatu nahi dutelako", adierazi du Martínez de Agirrek. Hala ere, gara-tzaileek oraindik ate-joka jarraitzen dute jokalarien artean banatzen diren eskaintzak bilatzeko.

Irabazleen berri modu desberdinetan ematen dute. Alde batetik, astelehenero aplikazioaren hasierako orrialdearen azpiko aldean aurreko asteko irabazleak zeintzuk diren agertzen da. Bestetik, astelehenetan baita ere, jakinarazpen bat bidaltzen dute: aste berriko saria zein den iragarri eta aurreko astean nork irabazi duen adierazten dute.

'egunean behin'

Nola eskuratu. CodeSyntax enpresa eibartarrak sortutako jokoa mugikorreko aplikazio bat da, android eta iPhone sistemen bidez eskuratu daitekeena. Doakoa da.

Zertan datza. Jokalariek egunean behin euskal munduarekin erlazionaturiko hamar galdera erantzun behar dituzte ahalik eta azkarren.

Sariak. Igande gauetan irabazleek enpresak eskainitako sariak irabazten dituzte.