Síguenos en redes sociales:

Kirikiño Ikastolak "euskaraz eta euskaratik bizitzeko jaia" antolatuko du maiatzaren 31ean Bilbon 2026ko Ibilaldian

Ibilaldiaren hasiera ekitaldi ofiziala 10:00etan izango da

Kirikiño Ikastolak "euskaraz eta euskaratik bizitzeko jaia" antolatuko du maiatzaren 31ean Bilbon 2026ko IbilaldianUtzitakoa

Kirikiño Ikastolak antolatuko du 2026ko Ibilaldia maiatzaren 31ean Bilboko Txurdinaga auzoan, 'Hiri Kiribili Bil!' lelopean. Euskara, hezkuntza eta euskal kulturaren aldeko topagune erraldoia izango da, familia zein lagunekin egun osoan gozatzeko aukera eskainiko duena, "euskaraz eta euskararik bizitzeko jaia", antolatzaileek asteazken honetan egindako aurkezpenean adierazi dutenez.

Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egindako agerraldian gogorarazi dute Ibilaldia ez dela egun bakarreko festa, "urte osoan zehar garatzen den proiektua baizik, komunitatearen elkarlanari esker helburu argi batekin sortua: ikastola, euskara eta euskal kultura Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzea".

Kirikiño Ikastolak iaz hartu zuen erronka hori bere gain, eta "ilusioz zein arduraz" ari da prestatzen "Bilbon euskararen erabilera indartzeko aukera paregabe hau". Helburu horrekin, Ibilaldiaren jaiegunean hiru gunetan banatutako eta adin guztiei begirako kultura, musika eta aisialdi eskaintza zabala antolatu da.

Horrela, 2026ko Ibilaldiak hiru gune nagusitan garatuko du bere eskaintza, Txurdinagako hainbat espaziotan barrena. Jaiaren abiapuntua Kirikiño Ikastola izango da; handik Europa parkera egingo du jauzi, eta festaren azken gune handia Txurdinagako Kiroldegia izango da. Gune guztiak ibilbide dinamiko eta bizigarri batek lotuko ditu, kalez kale euskararen presentzia eta jai giroa zabalduz egun osoan zehar.

Edonola ere, jaia bezperan bertan hasiko da Kirikiño Ikastolan, maiatzaren 30ean, besteak beste, erromeriarekin, pailazoekin, kontzertuekin, umeentzako tailerrekin eta 'Euskara mila koloretan' lehiaketako sari banaketarekin.

Ibilakdiaren egunean bertan, bestalde, adin eta gustu guztietarako ehunka jarduera izango dira, hala nola dantza taldeak, magoa, 'Go!azen', bertsolariak, antzerkia, kontzertuak, erromeriak, DJak, tailerrak, puzgarriak, karaokeak, erronka herrikoiak, txarangak eta kalejirak.

MUSIKA ESKAINTZA

Musika eskaintza zabala eta anitza izango da, adin eta gustu guztietarako proposamenekin. Egun osoan zehar, hainbat eszenatokitan ariko dira zuzenean Gozategi, Ezezez, Zuztarrak, Harana, Fruiztariak, Txerokiak, TxapelPunk, Xsakara eta Punttu Kakotx, besteak beste.

Horiez gain, jai giroa indartuko dute Lehian eta Pakemba erromeriek, Hots Kolektiboa txarangak, Samasiku fanfarriak, Bitxo do Samba batukadak, Patxipanda txistulari taldeak eta Kirikiño Ikastolako trikitilariek. Musika programazioa osatzeko, DJ Kaktus eta DJ Bull arduratuko dira erritmoa eta festa ez etetearen ardura hartzeaz.

Haurrentzat, bereziki, Umeen Hiria prestatuko da Kirikiño Ikastolan, eta egurrezko jolasak, puzgarriak, tailerrak, zirkua eta hezkuntza balioetan oinarritutako proposamenak izango dira bertan. Gainera, ibilbidean zehar etengabeko animazioa egongo da: erraldoiak, trikitilariak, txistulariak, batukadak eta fanfarreak.

"JAI EREDUGARRIA"

Bestalde, Kirikiño Ikastolako arduradunek nabarmendu dute Ibilaldia "jai eredugarria" izan behar dela, bai ingurumenarekiko errespetuan, bai harremanetan. Horrela, aurten, jasangarritasuna jaialdiaren erdigunean jarriko da, ingurumen inpaktua murrizteko eta parte hartzaile guztien laguntzarekin festa arduratsuagoa egiteko asmoz.

Ildo horretan, oinez, bizikletaz edo garraio publikoan joatea gomendatu dute, bai eta edalontzi eta botila berrerabilgarriak erabiltzea eta hondakinak behar bezala sailkatzea ere. Kirikiño Ikastolak, bere aldetik, ingurumen inpaktua identifikatu, neurtu eta murrizteko konpromisoa hartu du, emaitzak gardentasunez partekatuz.

Era berean, Ibilaldia eraso sexista, homofobo edo matxistarik gabeko espazioa izango dela azpimarratu dute, eta indarkeriarik ez dela inolaz ere onartuko, errespetua, berdintasuna eta askatasuna izango baitira jaiaren oinarriak.

Ibilaldiaren hasiera ekitaldi ofiziala 10:00etan izango da, Kirikiño Ikastolan. Bertan, hezkuntza komunitateko kideak, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariak, eta hainbat erakunde eta eragile batuko dira. Magiaz, musikaz eta dantzaz betetako ekitaldia izango da, eta Kirikiño Ikastolako ikasleek 'Hiri Kiribili Bil' kantaren koreografia eskainiko dute, jaiaren aurkezpenari amaiera berezia emanez.