Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro (2024) filmaren proiekzioarekin bukatuko da EUNIC Brussels Film Festival zinema europarraren jaialdia ostegunean, urriaren 16an. Jaialdia Bruselan egiten ari da urriaren 6tik, eta Martinezen lana euskarazko jatorrizko bertsioan emango dute, ingelesezko azpidatziekin.

Etxepare Euskal Institututik jakinarazi dutenez, jaialdiak "balio partekatuak eta Europaren egungo erronken inguruan hausnartzeko borondateak batzen dituzten bederatzi herrialdetako filmak eskaini ditu.

EUNIC Brussels egiturak antolatzen du jaialdia, hau da, Belgikako hiriburuan presentzia duten kultur institutuen eta Etxepare Euskal Institutua partaide duen klusterrak, eta Montxo Armendarizen Tasio (1984) filmaren emanaldia eskaini zuen irekieran, urriaren 6an.

Euskal zinemaren klasikoa Euskadiko Filmategiak berreskuratu zuen 2024an 4K formatuan, bere estreinaldiaren 40. urteurrena zela eta, eta, Cannes eta Donostiako zinemaldietatik igaro ondoren, Bruselan ikusi ahal izan da

Euskal zinemaren klasikoa Euskadiko Filmategiak berreskuratu zuen 2024an 4K formatuan, bere estreinaldiaren 40. urteurrena zela eta, eta, Cannes eta Donostiako zinemaldietatik igaro ondoren, Bruselan ikusi ahal izan da.

FILMA

Bizkarsoro filmari dagokionez, 1914 eta 1982 artean kokatuta dauden bost kontakizunen bitartez memoria historikoan barrena ibilbidea proposatzen du. Alegiazko herrixka batean kokaturik, "nortasuna, hizkuntza eta kultur erresistentziari buruz hausnartzeko ariketa" da filma.

Euskal ekoizpenen parte hartzea Bruselako zinema jaialdian Etxepare Euskal Institutuaren jardunaren baitan dago, bere helburua euskal kultura eta sorkuntza nazioartean proiektatzea eta ezagutaraztea baita.

EUNIC Brussels sarean egiten duen ekarpenari esker, Etxepare Euskal Institutuak, Europar Batasunerako Euskadik duen ordezkaritzarekin batera, "kulturen arteko elkarrizketa eta europar lankidetza sustatzeko jardueren eta proposamenen garapenean dihardu, aniztasunetik eta sorkuntza garaikidetik eraginez".