AEK-k 2025-2026 ikasturteko matrikulazio kanpaina jarri du martxan Euskara eroso ikasi eta bizi lelopean, eta aste honetan aurkeztu du Gasteizko Zadorra AEK euskaltegian egindako prentsa agerraldian.
Bertan izan dira AEK-ko Nazio Kontseiluko kideak diren Aize Otaño Lizarralde (Gipuzkoa), Xabier Gartzia Castell (Nafarroa), Bixente Claverie (Iparralde), Lurdes Etxezarreta Artabe (Bizkai) eta Maialen Begiristain Grado (Araba), eta Gasteizen euskara ikasten ari diren Rocio Hontoria Campo, Victoria Zarco Jimenez eta Laura Cardelli Sgattoni ikasleak.
Aurtengo leloari erreparatuta ('Euskara eroso ikasi eta bizi'), Maialen Begiristain Gradok azaldu du hori bera dela AEKren xedea, hau da, Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea. "Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi du AEKk, eta ikasleak handik ateratzean arlo guztietan erabiltzeko baliabideak izatea: lagunartean, familian, lanean, aisialdian", adierazi du.
Helburu horri begira, "behar-beharrezkotzat" jo du ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzea, eta, matrikulazio kanpaina aurkezteaz gain, mezu bat "argi eta garbi" islatu nahi izan du: "Helduen euskalduntze-alfabetatzea estrategikoa da euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan, eta herritar denek dute euskaraz jabetzeko eskubidea eta ardura komunitarioa".
Horrela, nabarmendu du doakotasuna ezarri behar dela euskalduntze prozesu osoan euskara ikasteko eskubideari egoki erantzuteko, eta ezagutzaren beharra sozializatu behar dela. "Hau da, euskara ikastea doakoa eta irisgarria izan behar du Euskal Herrian bizi diren pertsona guztientzat", gaineratu du.
BALORAZIOA
Zentzu horretan, AEK-k "oso era positiboan" baloratu dugu doakotasunaren bidean azken urteotan egin diren urratsak: EAEn B2 mailara arte matrikularen dirua berreskura daiteke, eta ikasturte honetan A2n matrikulatuko direnek ere diru gutxiago aurreratu beharko dute, HABEren sustapenari esker. Hortaz, EAEn A1n, A2n eta 16-18 urteko gazteek C1en merkeago izango dute matrikula.
Nafarroan ildo horri jarraituz, A1 mailakoek %100 arte berreskuratu ahalko dute, eta Ipar Euskal Herrian ere formakuntzarako aukera eskaintzen dute enpresek eta langileek doan dituzte euskara ikastaroak.
Ildo horretan, UEMArekin egindako hitzarmena azpimarratu eta balioetsi du AEK-ko kideak. Akordioaren arabera, AEK-k ikastaroak eskainiko ditu UEMAko hainbat udalerritan, ikastetxean bertan eta doan, euskaraz ez dakiten gurasoen beharretara egokituta.
Hala, ikastaro horien helburua da euskaraz ez dakiten guraso horiek euskara modu praktikoan eta eraginkorrean ikastea, seme-alaben ikastetxean bertan, haiek eskolan dauden bitartean.