Bidaiarien sarrerak gehitu egin dira ekainean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) landetxeetan eta apartamentu turistikoetan eta jaitsi aterpetxe turistikoetan, aurreko urteko ekainaren aldean, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Zehazkiago, landetxeei dagokienez, 20.190 sarrera eta 47.001 ostatu gau izan dira guztira ekainean, hau da, urtebete lehenago baino %19,0 eta %19,6 gehiago, hurrenez hurren.
Era berean, aurreko urteko ekainarekin alderatuta %16,7 hazi ondoren, atzerriko bisitarien sarrerak EAEko landetxetan izandako sarrera guztien %33,7 izan dira. Ostatu gauen kasuan, bestalde, atzerritar jatorrikoenak guztizkoaren %32,7 izan dira, iazko ekainaren aldean %17,2 igo ondoren.
Lurralde historikoen arabera, sarreren urte arteko hazkundea %23,3koa izan da Bizkaian, %19,9koa Araban eta %16,1ekoa Gipuzkoan. Ostatu gauei dagokienez, hazkundea %29,8koa izan da Gipuzkoan, %14,9koa Araban eta %7,2koa Bizkaian.
EAEko landetxeetako batez besteko egonaldia 2,33 egunekoa izan da ekainean, iazo hil berean izandako 2,32 eguneko batez besteko egonaldiaren antzekoa. Plazen eta logelen okupazio mailek urte batetik bestera %6,0 eta %6,5 puntu egin dute gora, hurrenez hurren; plazen arabera neurtuta %35,5ean kokatu da, eta logelen arabera neurtuta %43,0an.
Bestalde, apartamentu turistikoei dagokienez, ekainean 28.597 sarrera izan dira eta, horren ondorioz, 75.458 ostatu gau. Aurreko urteko ekainean erregistratutako datuekin alderatuz gero, sarrerak %57,4 igo dira, eta ostatu gauak %27,3.
EAEko apartamentu turistikoetan ekainean izandako sarrera guztien %41,9 eta ostatu gau guztien %43,5 atzerriko jatorriko bisitariei dagozkie, %59,4ko eta %34,0ko urte arteko igoerak erregistratu ondoren, hurrenez hurren.
Halaber, batez besteko egonaldia 2,64 egunekoa izan da ekainean apartamentu turistikoetan, urtebete lehenago erregistratu zen 3,26 egunekoaren azpitik. Batez besteko egonaldia 10,47 egunekoa izan da Araban, 3,55 egunekoa Gipuzkoan eta 1,94 egunekoa Bizkaian.