Síguenos en redes sociales:

Nazioarteko irakaskuntza testuinguruetan euskaraz egiten den kontakizuna jorratuko dute EHUren Uda Ikastaroetan

Ikastaroa Donostiako Miramar jauregian egingo da

Nazioarteko irakaskuntza testuinguruetan euskaraz egiten den kontakizuna jorratuko dute EHUren Uda IkastaroetanUtzitakoa

Etxepare Euskal Institutuak 'Bikaintasuna Euskal Ikastetetan' ikastaroaren 15. edizioa antolatu du asteazken honetarako, uztailaren 9rako, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Uda Ikastaroekin bat eginik, eta nazioarteko irakaskuntza testuinguruetan euskararen inguruan egiten den kontakizunari helduko dio.

Etxepare Institututik jakinarazi dutenez, ikastaroa Donostiako Miramar jauregian egingo da, 'Nola kontatzen dugu euskara?' izenburupean, eta nazioarteko irakaskuntza testuinguruetan edo, oro har, ingurune eleanitzetan euskara kontatzeko moduari egingo zaio so.

Ikastaroak "lanerako eta gogoetarako bide berriak" eskainiko dizkie euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzan dihardutenei eta jardungo direnei. Hainbat adituren eskutik, "euskara nola eta nondik kontatzen dugun aztertuko da jardunaldian", hau da, "ikuspegi tradizional batetik kontatzen dugun, edo gaur egungo diskurtso, eredu eta estetiken bidez aurkezteko gai garen".

Euskara hizkuntza modernoa ote den eta nola hautematen den erantzuten saiatuko dira hizlariak, diziplina ezberdinetatik abiatuta, "euskararen iruditeria berreraikitzeko eta gaurkotasunetik kontatzeko estrategiak partekatuz".

BESTE DATU BATZUK

Goiz osoko iraupena duen diziplina anitzeko prestakuntza saioa izango da, eta euskal ikasketetako irakasleak, marka adituak, IKTetan eta ondarean adituak ariko dira beren jakintzagaiak aurkezten. Gainera, euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan jarduteko funtsezko proposamenak, tresnak eta metodologiak eskainiko dira saioan, adimen artifizialari buruzko jakingarriak barne.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Monika Madinabeitia Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria, Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendaria, Estitxu Garai EHUko Bizkaiko campuseko eta Komunikazioko errektoreordea, Beñat Muguruza EHUko irakaslea, Urtzi Odriozola Codesyntax-eko informatikaria eta Arkaitz Olea San Telmo Museoko bitartekaritza arduraduna izango dira hizlariak.