Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elias Querejeta Zine Eskolak antolatzen duten Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldi programaren 12. edizioan izena emateko epea zabaldu da.

Ekimenaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herriko, Espainiako eta beste herrialde batzuetako zinemagileekin batera, Nest sailean parte hartu dutenek eta Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleek ere aurkez ditzakete beren proiektuak irailaren 1era arte. Izen-ematea sarean egin beharko da eta urtarrilean jakingo da kategoria bakoitzean zer lan hautatu diren.

Egonaldiko zortzi asteak bi alditan banatuko dira. Alde batetik, 2026ko martxotik apirilera bitarteko sei asteetan, zinemagileek beren proiektuak abiatu ahalko dituzte Donostiako Tabakalera Zentroan. Hor, zinemagile bakoitzak batzorde adituaren aholkularitza jasoko du, baita diziplina anitzeko ikuspegi profesionaletik emandako tutoretzak ere.

PROIEKTUAK

Proiektu bakoitzaren premia espezifikoen arabera, banakako saioak eta taldekoak emango dira, eta Elias Querejeta Zine Eskolako ikasketa programa ere eskuragarri izango dute hautatuek.

Bestalde, Donostia Zinemaldia egiten den bitartean, zuzendariak irailean bi astez itzuliko dira Donostiara, dagoeneko garatuago izango duten proiektua zinemaren industriako ordezkariei erakusteko.

Maiatzetik irailera bitartean, hau da, beren proiektuan lanean jarraitzen duten bitartean, zinemagile bakoitzak profesional batzuen sareko tutoretza jasoko du, eta ekainean laguntza ekonomiko bat emango zaie, egonaldiaren bi zatien artean lanean jarraitzeko aukera izan dezaten.