Eusko Jaurlaritzak 27 milioi euroan handitu du Hazitek programaren bidez euskal enpresen ikerketa industrialari laguntzeko aurrekontua, eta, horri esker, aurkeztutako proiektuen %77 babestu ahal izan dira, hau da, aurkeztutako 984 proiektuetatik 762. Aurrekontura gehitutako 27 milioi eurotatik 11,45 milioi aurten bertan egikarituko dira, eta gainerakoa hurrengo hiru urteetan.
Modu honetan, Imanol Pradales lehendakariak hartutako konpromisoetako bat bete du Eusko Jaurlaritzak, hau da, 'Industria Hobea' eta 'Industria Gehiago' ardatz estrategikoen alde egitea. Zehazkiago, aurrekontu handitzearekin, hasierako 93 milioi euroen aldean, programak 120 milioi euro ditu orain, Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez.
Ekimenaren onura gehien jaso duten sektoreak automobilgintza, makina- erreminta, energia, aeronautika eta siderurgia dira, programaren diru laguntza osoaren %50 baino zertxobait gehiago jasota. Hala, energia sektorera bideratutako ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuek 21 milioi euroko diru laguntza dute, makina-erremintakoek edo fabrikazio aurreratukoek 18 milioi eurokoa, automobilgintzakoek 11,5 milioi eurokoa, aeronautikakoek 6 milioi eurokoa eta siderurgiakoek 3,3 milioi eurokoa.
Hazitek programaren helburua da ikerketa industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak finantzatzea, hala izaera lehiakorrekoak, nola izaera estrategikokoak, industria adimendunaren, energia garbien eta osasun pertsonalizatuaren arloetan. Bi kasuetan jasangarritasun alderdiek garrantzi handiagoa dute.
Proiektu estrategikoei dagokienez, aurrekontua %22 igo da, eta, horri esker, jasotako 48 proposamenetatik 35 babestu dira; guztira, 193 enpresak hartu dute parte. Proiektu estrategikoen deialdiak aurreko edizioak baino lau proiektu estrategiko gehiago finantzatu ditu, eta finantzatutako proiektuen aurrekontu laguntza handitu du. Finantzatutako proiektuen onartutako aurrekontuaren ratioa %79koa da, hau da, 2024ko deialdia baino %9 puntu handiagoa.
Proiektu lehiakorrei zuzendutako aurrekontua, aldiz, %37 igo da, eta, horri esker, jasotako 936 proposamenetatik 727ri lagundu zaie; guztira, 770 enpresak hartu dute parte. Hala, lerro horrek aurreko edizioak baino 104 proiektu lehiakor gehiago finantzatu ditu, eta finantzatutako proiektuen onartutako aurrekontuaren ratioa %10 puntu handitu da 2024ko edizioarekin alderatuta.