Mario Benso (Gijon, 1962) jazz dibulgatzaile eta aditua asturiarra izango da Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren arduradun artistikoa hurrengo ediziotik aurrera.
Ardura artistikorako Benso aukeratzerakoan, Getxo Kulturak jazz munduan egindako "ibilbide luze eta arrakastatsua" baloratu du, baita hainbat kultura-proiektutan izandako inplikazioa ere, Getxo Jazz jaialdiari buruzko ezagutza handiekin batera.
"Bere lantaldea eta lan prozedurak ezagunak dira berarentzat, eta bere lana erraztuko dute, baita Getxo Kulturarena ere, urtez urte goi-mailako jaialdi bat antolatzen jarraitzeko", adierazi dute Getxo Jazz jaialditik.
Bensok ibilbide luzea egin du jazzaren eta kulturaren arloetan, askotariko alderdietan, kazetaritzan zein koordinazio artistikoan, eta oso harreman estua du Getxoko jaialdiarekin, 1994tik aurrera talde lehiaketako epaimahaikide gisa aritu baita.
Proiektu berri honetan, Benso jaialdiaren atal artistikoaz arduratuko da. Gainera, 37 ediziotan jaialdiaren arduraduna izan den Iñaki Saituaren erretiroarekin bat egingo du
Proiektu berri honetan, Benso jaialdiaren atal artistikoaz arduratuko da. Gainera, 37 ediziotan jaialdiaren arduraduna izan den Iñaki Saituaren erretiroarekin bat egingo du; Saituaren ardura Luzia Martinek hartuko du, Getxo Kulturako teknikariak, erakundean 17 urte baino gehiagoko esperientzia duenak.
Mario Benso 1981ean abiatu zen jazzaren munduan. Urte horretan, Valladolideko Jazz Lagunen Elkarteko kide egin zen. Elkarte horretan, Gaztelako hiriko Nazioarteko Jazzaldia antolatzen lagundu zuen, bai eta jazz musika zabaltzen ere, irrati emanaldien, hitzaldien eta argitalpenen bidez.
Hamarkadaren amaieran, musika espezialista gisa hasi zen idazten El Norte de Castilla egunkarian, eta, ondoren, hedabide espezializatuetatik (Cuadernos de Jazz eta Más Jazz, esaterako), informazio orokorreko egunkarietatik (El Mundo, adibidez), hainbat irratitatik kolaborazioak eginez, edo, eremu digitaletik ('El Callejón del Jazz' bloga eta 'Dial Jazz' podcasta) igaro da.
PROGRAMAZIOA
Programazioan ere lan nabarmena egin du Bensok. 1990eko hamarkadaren hasieratik 2009ra, Valladolideko Café España-ko programatzailea izan zen, eta mila kontzertu baino gehiago antolatzen parte hartu zuen.
Valladolideko Nazioarteko Jazzaldiarekin ere kolaboratu du, baita Burgos, Palentzia, Ezcaray, Salamancako FACYL, Palentziako Ahora eta 1990eko hamarkadaren erdialdetik Getxoko Jazzaldiarekin ere; Getxon talde lehiaketako epaimahaikide gisa aritu da ordutik, edizio guztietan, eta, ondorioz, harreman estua izan du bertatik bertara ezagutzen duen hitzorduarekin.