Ertzaintzak eginbideak ireki dizkio, ikertu gisa, 26 urteko gazte bati ustezko “grooming” kasu batengatik, adingabe bati sexu-proposamenak egin ondoren. Aurretik, adingabearekin argazkiak eta bideoak partekatu zituen telefono mugikorraren bidez. Ikertuak, antza denez, adingabea izango balitz bezala jokatzen zuen, haren konfiantza bereganatzeko.

Ikerketa Gipuzkoan egin dute, Eibarko Ertzain-etxean “grooming” izenez ezagutzen denaren ustezko kasu baten berri emanez salaketa bat jaso ondoren. Dirudienez, gizona eta adingabea orain dela hilabete batzuk jarri ziren harremanetan sare sozialen bidez, eta gizonak adingabea izango balitz bezala jokatzen zuen.  

Biktimaren konfiantza bereganatu zuenean, gizonak argazkiak eta bideoak trukatzea eskatu zion, eta, azkenean, sexu-topaketa baterako aurrez aurre gelditzea proposatu zion, eta biktimak ezezkoa esan ziolako ez ziren elkartu.  

Kasuaz arduratu diren ertzainek identifikatu dute egitate horietan ustez inplikatutako gizona, eta eginbideak ireki dizkiote ikertu gisa sexu-ukigabetasunaren aurkako ustezko delitu batengatik.

Ertzaintza

Bestalde, Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiak 38 eta 36 urteko bi gizon atxilotu ditu Getxon eta 24 urteko beste bat ikertu, osasun publikoaren aurkako delitu bana leporatuta. Jarduketak orain dela hilabete batzuk hasitako ikerketen ondorio dira.

Ikerketa horietan egiaztatu ahal izan zen, atxilotuetako batek droga-transakzio ugari egiten zituela bai bere etxean bai etxe inguruan. Horietako batean, apirilean, 191 gramo haxix atzeman zizkioten substantzia erostera ikertuaren etxera joan zen pertsona bati.

Ikerketari irailaren 5ean, arratsaldean, eman zioten amaiera. "Ikertuaren etxearen inguruan ezarritako zaintza-dispositiboko agenteek gizon bat ikusi zuten ikertuarekin batera etxean sartzen. Handik 10 minutura, etxetik irten zenean, agenteek identifikatu egin zuten, eta kilo bat haxix eta dirutan 985 euro zeramatzala egiaztatu zuten. Hori dela eta, pertsona hori osasun publikoaren aurkako delitu batengatik atxilotu zuten", azpimarratu zuten Ertzaintzatik.

Handik ordu batzuetara, ikertua ere atxilotu egin zuten etxetik irten zenean, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu batengatik.