Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, astearte honetan, uztailaren 23an, tenperatura maximoak igoko dira berriro eta barnealdean 30 gradu ingurukoak eta Erribera aldeko zenbait tokitan 35 bat gradukoak izango dira; kostaldeko tenperatura altuenak, berriz, 25 gradukoak izango dira.

Eguzkia jaun eta jabe izango da eta egunaren amaieran Kantauri isurialdean behe-hodei batzuk agertuko diren arren, ordu askotan giro eguzkitsuaz gozatzeko aukera izango dugu. Arratsaldean haizea iparraldetik finkatu eta indartu egingo da.

Hiriburuetan, Baionan 16 gradu espero dira gutxienez eta 25 gehienez, Bilbon 17 gutxienez eta 28 gehienez, Donostian 16 gutxienez eta 24 gehienez, Gasteizen 12 gutxienez eta 30 gehienez, eta Iruñean 16 gutxienez eta 32 gehienez.

Itsasoan norabide aldakorreko haizea ibiliko da 2ko indarrarekin, eta arratsaldean ipar-ekialdetik finkatuko da 3-4koarekin; itsaso kizkurra eragingo du, eta arratsaldean itsaskirria edo itsaskia. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bateko inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 06:48an eta 17:05ean izango dira, eta istasbehereak 00:32an eta 12:27an. Uraren tenperatura 21 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da.

Balorazioa

"Goiz-lanbroa. Zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da, egunaren amaieran kostaldean baliteke behe-hodeien tarteak agertzea. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; eguerdi partean ipar-ekialdetik finkatuko da, ahul-bizi, gauean bolada gogor batzuekin Araban. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira. Tenperatura maximoak igo egingo dira: gutxi kostaldean eta nahikoa edo nabarmen barnealdean", baloratu dute Euskalmetetik.