Euskaltzaindiak Jagonet kontsulta zerbitzuko datu basea eguneratu du, aldika-aldika egin ohi duen eran, eta 52 fitxa berri eskegi ditu bertan, zalantza lexiko, ortotipografiko, onomastiko eta morfosintaktikoekin.

Aldi berean, Akademiatik azaldu dutenez, lehendik zeuden fitxetarik hamar aldatu egin behar izan dira, Euskaltzaindiak azken bi urteotan onartu eta argitaraturiko azken arauetara egokitzeko; alegia, laburtzapenei buruzko 196. arauarekin, sinboloei buruzko 197. arauarekin eta letra estiloen 198. arauarekin bat etortzeko.

Jagonet datu baseak hizkuntzari buruz herritarrek bidalitako galderei emandako erantzunen 890 fitxa adierazgarri dauzka sarean kontsultatzeko moduan

Momentu honetan, Jagonet datu baseak hizkuntzari buruz herritarrek bidalitako galderei emandako erantzunen 890 fitxa adierazgarri dauzka sarean kontsultatzeko moduan: 2020ra arteko 686ei, 80 erantsi zitzaizkien 2022an, beste 72 fitxa 2023an eta, oraingoan, 2024an, beste 52.

Jagonet hizkuntzaren gaineko kontsulta zerbitzu bat da, Euskaltzaindiak Internet bidez herritarren esku jartzen duena

Jagonet hizkuntzaren gaineko kontsulta zerbitzu bat da, Euskaltzaindiak Internet bidez herritarren esku jartzen duena. Zerbitzuaren helburua da euskararen erabilera zuzena eta egokia sustatzea, eta haren ardura hizkuntza argibideak plazaratzea eta herritarrek hizkuntzari buruz bidalitako galderei erantzutea. Bi bide ditu erabiltzaileak hizkuntza zalantzak argitzeko: horiek datu basean bilatzea eta, erantzunik aurkitu ezean, galdera egitea.