Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak eta Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak Genero-ikuspegitik kudeaketa aurreratuari balioa emateko gida argitalpenaren bertsio berritua argitaratu dute, eta egungo erronka berrietara egokitzen diren aldaketak sartu dituzte.

Hala, gidaren arduradunek jakinarazi dutenez, joera berriak txertatu dituzte erakundeen kudeaketan, nazioarteko ereduetatik egiten diren ekarpenak jaso dituzte, bai eta zeharkako beste proposamen batzuk ere, eta kudeaketa eredu hori jada erabili duten pertsonen eta erakundeen ezagutza gehitu dute.

Emakundek eta Euskalitek elkarlanean dihardute arlo horretan 2016az geroztik, eta gidan hausnarketarako jarraibide batzuk eskaintzen dituzte, ulertzeko kudeaketa elementu bakoitza nola aberas daitekeen emakumeen eta gizonen berdintasunak egiten duen balio ekarpenarekin, eta nola berdintasuna funtsezko osagaia den kudeaketa aurreratuaz hitz egin ahal izateko. Gida Emakunderen webgunean dago eskuragarri.

Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomoa da, berdintasunerako politikak diseinatu, bultzatu, haien inguruan aholkatu, koordinatu eta ebaluatzen dituena, bai eta gizartea sentsibilizatzen duena ere, EAEko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko xedez.

Erakundeak bi jardute arlo nagusi ditu: alde batetik, administrazio publikoekin burututako lana, berdintasunaren aldeko egiturak sendotzeko eta politika publikoetan generoaren ikuspegia txertatzeko neurriak martxan jar daitezen bultzatzekoa; bestetik, gizartearekin oro har egiten duen lana, emakumeen ahalduntzea bultzatuz, enpresetan berdintasuna egotea sustatuz, emakumeekiko indarkeria prebenitzeko neurriak hartuz, diskriminazio kasuetan aholkularitza eta defentsa eskainiz, bai eta gizartea berdintasunaren alde sentsibilizatuz ere.