Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 100 puntutik 74,5 lortu ditu 2021eko genero berdintasunaren Indizean, 2019arekiko 1,4 puntu hobetuta, Genero Berdintasunerako Europako Institutuaren metodologia aplikatuta Eustat euskal estatistika erakundeak landutako datuen arabera.
Balio horrekin, EAE Luxenburgoren eta Finlandiaren artean kokatu da Europako sailkapenean, herrialde horiek zazpigarren eta zortzigarren postuetan baitaude, hurrenez hurren.
Eustatek zehaztu duenez, genero berdintasunaren indizea adierazle sintetiko bat da eta Enplegua, Dirua, Ezagutza, Denbora, Boterea eta Osasuna dimentsioetan genero berdintasunaren alorrean egindako aurrerapen sozialak laburbiltzen ditu. Erabateko berdintasuna 100 puntuko balioarekin bat datorren eskala batean azaltzen da emaitza.
Bada, EB-27ko batez bestekoarekin alderatuta, EAEk puntuazio altuagoa lortu du genero berdintasuna neurtzen den dimentsio guztietan. Abantailarik handiena Denbora dimentsioan gertatzen da, EAE Europar Batasuneko herrialde guztien gainetik baitago nabarmen; baita Osasuna dimentsioan ere, non laugarren postuaren parean jartzen den, bereziki Osasun Egoera azpidimentsioan, lehen postuan kokatzen da.
EAEn genero berdintasun osora gehien hurbiltzen den dimentsioa Osasuna da (100etik 92,4 punturekin). Bbeste muturrean Boterea dimentsioa dago, non berdintasun neurria 63,1 puntukoa den; dimentsio honen barruan, berdintasuna handiagoa da Botere Politikoari dagokionez, berdintasun neurria 90,2 puntukoa baita, baina askoz txikiagoa Botere Ekonomikoari (52,2 puntu) eta Botere Sozialari (53,3 puntu) dagokienez.
Bestalde, 2010 eta 2021 artean, EAE 68,9 puntutik 74,5 puntura igaro da. Indizearen dimentsio guztietan ikusi da genero berdintasunaren aurrerapena, baita azpidimentsioetan ere, Egoera Ekonomikoari buruzkoan izan ezik. Dimentsio guztien artean, aldi honetan bilakaera onena izan duena, nahiz eta oraindik erabateko berdintasunetik urrunen egon, Botereari dagokiona izan da, berdintasun neurria 8,8 puntu igo baita, Botere Ekonomikoan (13,6 puntuko igoera) eta Botere Politikoan (8,5 puntuko bilakaera positiboa) izandako hobekuntzak bultzatuta.
Azkenik, 2017tik 2021era bitarte, EAEko lurralde historikoek beren erregistroak hobetu dituzte genero berdintasunaren indizean. Gipuzkoako berdintasun indizea Arabakoa baino 0,3 handiagoa eta Bizkaiakoa baino 0,6 handiagoa da. Bestalde, Bizkaian hobetu da gehien indizea 2017-2021 aldian, eta Gipuzkoan gutxien, eta horrela, lurraldeen arteko alde urriak desagertzen ari dira.